Eduki babestua

Udaberriko kanpaina, abian

Erredakzioa 2023ko mar. 10a, 12:18

Nafarroan ekoitzitako oliba olio birjina estra, arroza, pasta eta kontserbak eskatzeko epea zabaldu du Nafarroa hegoaldeko Errigora egitasmoak, eta eskaerak martxoaren 29rako egin beharko dira, webgune edo telefono bidez.

Euskara, elikadura burujabetza, Nafarroako hegoaldea, eta auzolana. Horiek dira Errigora egitasmo herritarraren zutabeak eta oinarriak.

"Euskarari bultzada eman nahi diogu, dela Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari zuzeneko diru ekarpena eginez, dela zonaldean euskarak espazio berriak irabaz ditzan lan eginez. Nafarroa hegoaldean bertakoak diren produktuak Euskal Herriko plazan kokatzea dugu helburu, pixkanaka pauso txikiak emanez, elikadura sistemaren gaineko erabakiak gure esku izan daitezen. Nafarroa hegoaldean eta erdialdean eragin nahi dugu. Auzolana da gure lan tresna nagusia: ehunka lagunen borondatezko lana da Errigora mugiarazten duena", azaldu dute.

Oinarri horiek batuz, eta udaberria iristearekin batera, Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina abiatu du Errigorak. Eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko jaio zen kanpaina horretan, oliba olio birjina estra eta kontserba sortak eska daitezke, auzolanari esker, norbere herrian eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Olioa bost litroko bidoietan banatzen dute eta kontserbak hamabi ontziko sortetan, urte osorako behar dena eskatzea baita planteatzen dutena. Eskaera martxan jarri dute dagoeneko, eta banaketa bi txandatan egingo dute: apirilean olioa eta maiatza-ekainean kontserbak.

Martxoaren 29ra arte iraungo du kanpainak, eta eskaerak Errigoraren webgunearen bidez zein telefonoz egin daitezke (errigora.eus webgunean edo 848 87 12 23 telefono zenbakian). Ordainketari dagokionez, berriz, eskaera online eginez gero, bi zatitan ordaintzeko aukera eskainiko dute. Beste aukera, berriz, dena batera ordaintzea da, eskudirutan, produktuak jasotzerakoan.

Nafarroa hegoaldeko jakiz osatutako saskia erosiz gero, ordaindutako diru kopuruaren %25 bideratzen dute Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintza sendotzera. "Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina gure eguneroko kontsumo ohiturez harro egoteko bide bat da: Nafarroa hegoaldeko produktuekin urte guztirako despentsa betetzea proposatzen dugu, ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta, produktuok zure herrian jasotzeko aukera emanez", agertu dute Errigora egitasmoaren arduradunek.

Zigilu berria

Produktuetan egitasmo herritarraren balioak ziurtatzen dituen zigilua jarri du Errigorak. Hala, kanpainan eskuratu ahal izango diren produktuek Errigora Balioak berme zigilua daramate. Berme zigilu horrek produktuak lau balio dituela ziurtatzen du: euskara, auzolana, bertakotasuna eta nekazariekiko bidezko harremana.

"Errigora balioen arabera kontsumitzeko deia egiten dugu. Gainera, proiektua bultzada bat da ekoizleek elkarlanean hasitako Errigora Balioak identifikatzailearentzat, abiapuntuko lau balioetan edota berrietan sakontzeko", azaldu dute.

Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko oliba olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta, lekaleak eta fruitu lehorrak daude eskuragarri. Guztiak dira kalitate bikainekoak eta guztiek daramate Errigora Balioak zigilua. "Beti saiatu gara gure balioak izan zitezen gure ekintzen gidari. Orain, gure produktuak gure balioekin estuago lotzeko tresna sortu dugu: Errigora Balioak", erantsi dute arduradunek.