Gutun Zuria Saria jasoko du bihar Anjel Lertxundik

Aritz Mutiozabal 2023ko mar. 16a, 12:45
Anjel Lertxundi idazle. (Arnaitz Rubio Aprea)

Jaialdiaren ohorezko makila emango diote idazleari eta Cristina Rivera Garza mexikarrari, literatura-sorkuntzan erreferente izateagatik.

Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdia ospatuko dute martzoaren 28tik apirilaren 1era, Idatzi / Editatu / Irakurri lelopean, eta kultur egitasmoaren barruan, aurten Anjel Lertxundi idazlearen ibilbidea aitortuko dute. Hain zuzen ere, BBK Gutun Zuria Bilbao Saria emango diote bihar, 11:00etatik aurrera, Kubo Batza espazioan.

Jaialdiaren ohorezko makila jasoko du Lertxundik, baina literatura-sorkuntzako euskal erreferenteaz gain, nazioarteko sortzaile bati ere egingo diote gorazarre: Cristina Rivera Garza mexikarrari. Ohorezko makilaz gain, jasoko duten saria gutun zuri baten gisakoa izango da, hurrengo urteko jaialdiko edizioan inplikatu eta parte har dezaten. "Orduan, aldi berean izango dira ohorezko gonbidatu eta beste egile, hitzaldi edo programa batzuen anfitrioi", adierazi dute antolatzaileek.

Era berean, Lertxundik aurtengo Gutun Zurian parte hartuko du martxoaren 28an, Adam Kocacsics itzultzaile txiletarrarekin batera izango den solasaldian. Lecturas de los demás, lecturas de mí mismo izenburua darama saioak, eta gaztelaniaz izango da. Auditorioan izango da, 17:30ean hasita.