"Osasun arreta ere" euskaraz eskatzeko deia egin dute

Nerea Uranga 2023ko mar. 17a, 09:00
Zumaiako osasun etxeko artxiboko irudia. (Argazkia: Onintza Lete Arrieta)

Herritarrek osasun arreta zein hizkuntzatan jaso nahi duten adierazteko kanpaina abiatu du Osakidetzak. Herritarrek euskara hautatu dezaten eskatu du Uemak.

Herritarrak osasun arreta zein hizkuntzatan jaso nahi duten adieraztera animatuz, kanpaina hasi zuen Osakidetzak joan den hilaren bukaeran. Behin hori adierazita, herritarrek hautatzen duten hizkuntzan izango dute harremana osasungintzako profesionalekin, eta hautatutako hizkuntzan jasoko dituzte gutunak, oharrak eta antzeko adierazpenak ere. Osakidetzak adierazi duenez, erabiltzaileen %77 inguruk adierazi du zein hizkuntzatan jaso nahi duen osasun arreta, eta horietatik %19k azaldu du euskaraz jaso nahi duela. 

Uemak bat egin du Osakidetzaren kanpainarekin, eta "osasun arreta ere" euskaraz eskatzeko eskatu diete herritarrei. Uemako kide diren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrien kasuan, euskarazko arreta eskatu duten herritarren kopurua "hiru aldiz handiagoa" da –%60,3, zehazki–, azaldu du Uemak. Uemako kide diren Urola Kostako udalerrietan, berriz, %75,5ek egin du eskaera, eta horietatik %65,75ek hautatu dute euskaraz jasotzea osasun arreta. 

Hala ere, Urola Kostan lau herritarretik batek ez du Osakidetzarekin aritzeko hizkuntza hautatu oraindik, eta batez ere horiei dei egin die Uemak, osasun arreta euskaraz eska dezaten eskatuz. "Oso garrantzitsua da osasun arretaren hizkuntzaren hautua egitea, eta euskara hautatzea, Osakidetzak horren arabera aukeratzen dituelako herrietako osasun etxeetako medikuen kupoak. Horregatik, Osakidetzarekin aritzeko hizkuntza hautatu gabe dutenak hori egitera eta euskara hautatzera animatu nahi ditugu", esan du Uemak.

Jaurlaritzak azaldu duenez, "asistentzia maila desberdinetan behar diren osasun zerbitzuen euskarazko eskaintza integrala artikulatu ahal izatea" da Osakidetzaren kanpainaren helburua, batez ere Lehen Mailako Arretan, Arreta Espezializatuan eta Osasun Mentalean.

Uemak argi adierazi du osasun zerbitzua euskaraz jasotzea "herritarren eskubidea" dela eta, beraz, erakunde publikoen "betebeharra" dela hori bermatzea. "Horretarako, ahalik eta herritar gehienek osasun arretan ere euskara hautatzea beharrezkoa da oraindik, administrazioa euskalduntzeko lanean urratsak egiten segi dezagun, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatu arte", adierazi du Uemak.

Herritarren eskubidea

"Pozez hartu" du Osakidetzaren kanpaina Zarauzko Udalak, hala adierazi du Irune Urbieta Euskara, Gazteria, Hezkuntza eta Kultura zinegotziak. "Osasuna guztiontzat da garrantzitsua eta zerbitzu horiek norberak bere hizkuntzan jasotzea ezinbestekoa da, kalitatezko zerbitzua jasotzeko. Osasungintzako profesionalekin sortu behar den konfiantza eta gertutasuna lortzeko hizkuntza beharrezko tresna da", adierazi du Urbietak.

Urbietaren arabera, "aurrerapauso handiak" eman dira, eta "administrazioa prest dago aurrera egiteko", baina horretan herritarren laguntza beharrezkoa da: "Euskaldunok euskaraz artatuak izateko eskubidea eskatuz, hain zuzen ere. Zarautz herri euskalduna da, eta horregatik euskararen normalkuntzarekin badugu ardura berezi bat, gurea bezalako herrietan egindako eskaerak gainerakoentzat ere mesedegarri izango baitira". Oraindik ere osasun arreta jasotzeko hizkuntza hautua egin gabe daudenak horretara animatu ditu Zarauzko Euskara zinegotziak.

Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko Euskara eta Kultura zinegotziak nabarmendu du "herritarren eskubidea" dela osasun zerbitzu publikoa euskaraz jasotzea: "Ez da eskaera gehigarri bat, dagokigun zerbait da. Une honetan, gainera, Osakidetza berak abiatu du zerbitzu hizkuntza hautatzeko kanpaina, eta testuinguru horretan, beharrezkoa ikusten dugu euskararen aldeko hautua garbi adieraztea. Izan ere, zerbitzu hizkuntza gisa euskara hautatu duten herritarren kopurua altua izatea beharrezkoa da antolaketa eta kudeaketa erabakietan hizkuntzari lehentasuna eman diezaioten". 

Osakidetzaren egungo egoera orokorra "oso kezkagarria" denaren jakitun direla esan du Albizuk, baina hori "urte askoan, hizkuntz kudeaketan ez ezik, baita kudeaketa orokorrean ere, hartutako erabaki okerren ondorio" da haren ustez: "Ez da justua orain euskaldunoi esatea, zerbitzua kolokan dagoela eta, euskarari uko egin behar diogula". 

Azpeitiko Euskara zinegotziak gogorarazi du udalerri euskaldunetan euskara bermatzea "beharrezkoa" dela, "kalitatezko zerbitzu bat" bermatuko bada: "Komunikazioa da arretaren oinarria, pazientearen eta profesionalaren arteko lotura; euskaldunoi arreta euskaraz eskaintzen ez bazaigu, lotura hori ez da erabatekoa izango. Konfiantza, lasaitasuna, adierazteko erraztasuna eta hurbiltasuna ematen dizkio gure hizkuntzak profesionalari, eta horrek egiten du mediku bat edo bestelako osasun langile bat profesional ona".

Nola hautatu osasun arretarako hizkuntza?

Osakidetzako erabiltzaileek osasun arretarako hizkuntza hautua egin gabe badute, honako bideak dituzte hori egin ahal izateko: osasun zentroko harrera zerbitzuan, medikuaren kontsultan edota Osasun Karpetaren bidez.