Udalerri euskaldunen garrantzia eta ekarpena nabarmendu ditu Uemak Azpeitiko Soreasu antzokian egindako ekitaldi berezian

Maialen Etxaniz 2023ko mar. 25a, 18:28

Uema 101 udalerri izatera iritsi da gaur, eta hori ospatzeko Ehun udal eta hamaika gehiago ekitaldi berezia egin dute Azpeitiko Soreasu antzokian. Erakunde publikoetako nahiz euskalgintzan aritzen diren elkarteetako ordezkari ugarik parte hartu dute ekitaldian. Uemako lehendakari Iraitz Lazkanok "Euskal Herri euskaldunaren orubeak sendotzeko beharra" dagoela nabarmendu du, eta Uemak bide horretan lanean jarraitzeko konpromisoa duela azpimarratu du. Era berean, gaineratu du, Uemako kide diren udalak horretan ahaleginduko direla aurrerantzean ere.

Egun berezia da gaurkoa Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearentzat (Uema). Ehun udalen langa gainditu du Uemak gaur goizean Azpeitian egindako ezohiko batzarrean. Goizeko bilkuran onartu dituzte Uemako kide izatera igaro diren lau udalerrien eskaerak, eta orduan iritsi da Uema 101 udalerri izatera. Arrankudiaga-Zollo, Arruazu, Etxebarria eta Doneztebe Uemako kide dira gaurtik aurrera. Uemako kide diren udal berrietako alkateek hitza hartu dute batzarraren amaieran, eta "euskara lehenesteko, herritarren aurreran eredugarri agertzeko eta erabilera areagotzeko ilusioa eta lanerako gogoa" agertu dute. Inoiz baino udal gehiago dira Uemako kide, eta guztien artean 305.000 biztanleko lurgunea osatzen dute. Hori ospatzeko, Ehun udal eta hamaika gehiago ekitaldi berezia egin dute eguerdian Soreasun. 

Aretoa jendez lepo beteta zegoela, 11:00ak pasatxoan hasi da ekitaldia; bertan zeuden eskualdeko hainbat ordezkari ere. Estitxu Pinatxo eta Garazi Esnaola musikariek ireki dute ekitaldia. Horien ostean igo dira oholtzara ekitaldia gidatu duten Ilaski Serrano eta Antton Telleria kazetariak, eta argi aipatu dute zertara datorren gaurko ekitaldia: "Euskaldunak garela eta euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko gaude gaur hemen". Serranok eta Telleriak aipamena egin diete Uemaren parte izatera igaro diren lau herriei, eta aipatu dute gaurtik aurrera 305.000 biztanleko lurgunea osatzen dutela Ueman dauden udalerri euskaldunek. Ines Osinaga musikaria igo da oholtzara jarraian, eta hainbat abesti ezagun eskaini ditu sintetizadoreak baliatuz. Dantza eta olerkia ere izan dira gaurko ekitaldiko osagarri, eta oholtzan izan dira Jon Maia bertsolaria, Pello Ramirez musikaria eta Elene Carreto dantzaria. 

Ikus-entzunezkoak ere eskaini dituzte ekitaldian zehar, eta horietan Uemaren hastapenak, helburuak eta lortutako erronkak izan dituzte mintzagai. Era berean, azken urteetan herriz herri egindako lana errepasatu dute. Euskalgintzan aritzen diren hainbat eragiletako ordezkarien adierazpenak ere jaso dituzte bideoetan, besteak beste, Pantailak Euskaraz, Euskarabidea, Euskalgintzaren Kontseilua, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Berria, Elkar Fundazioa eta Eusko Jaurlaritzako ordezkarienak.

Erakundeak arnasguneen garrantziaz jakitun

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua eta Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria izan dira hitza hartzen aurrenak. Biek ala biek udalerri euskaldunen eta arnasguneen garrantzia, Uemak egindako ibilbidea eta erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu dute.

Mikel Arregik "udalerri euskaldunek euskal komunitatearentzat duten garrantzia" nabarmendu du, eta adierazi du Nafarroan hizkuntza eskubideak errespeta daitezen urratsak ematen ari direla, "pixkanaka bada ere". "Egingabekoak asko eta handiak dira, eta begibistakoak direla ezin ukatu. Aurten, ordea, elkarlanean sakontzeko aukera izan dugu, eta horren adierazle da Nafarroako Gobernuaren eta Uemaren arteko lehen hitzarmena", esan du Arregik. Amaitzeko, Uema zoriondu nahi izan du Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendariak, eta aipamen berezia egin die Uemara batu diren Nafarroako udalerriei: "Zorionak Arruazuri eta Donesteberi . Pozgarria da ikustea gehiago zaretela gure komunitatean euskara biziberritzeko lanean ari zareten udalerriak".

Bingen Zupiriak adierazi du "munduak Amazonia behar duen bezala euskaldunek euskaraz hitz egiteko gune trinkoak" behar dituztela. Hori dela eta, udalerri euskaldunetako ordezkariei zuzendu zaie Zupiria: "Zuek ordezkatzen duzue gure Amazonia". Era berean, aste honetako albisteei erreparatu die sailburuak, eta aipatu du aste honetan euskara protagonista izan dela. "Aste honetan gehien entzun ditudan hitzak dira saretu eta trinko. Zuek ordezkatzen duzue gure hizkuntzaren trinkotasuna", adierazi du. Halaber, datuez ere aritu da Zupiria. Haren hitzetan, "datuek erakusten digute euskaldunok eta euskal hiztunok ahalegina egiten dugula hizkuntza erabiltzeko eta trasmititzeko". Dena den, aurrera begira euskararen normalizazioan lanean jarraitzea ezinbestekoa izango dela aipatu du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak: "Datozen urteetarako ditugun eginkizunen artean garrantzitsuena da bide honi jarraitzea. Denon zeregina izango da hori, herritarrena eta erakundeena. Zuek, ordea, baduzue gaitasuna udalerrietatik eragiteko, eta besteen jarduna biziberritzeko".

Azken hitzak Uemako kideei  zuzenduta eskaini ditu Zupiriak. "Herri erakundeentzat ezinbesteko bidelagunak izan dira azken urteetan. Hainbat gauza egin dugu elkarrekin: hezkuntzaren arloan, integrazioan, hizkuntza plangintzetan… Bide horretan jarraituko dugu, eta horren erakusle da aurkeztear gauden Barra-barra merkataritza marka berria. Saretu, trinkotu eta gaitasunak bermatu, erabileran aurrera egiteko", adierazi du.  

Euskal Herri euskaldunaren "orubeak sendotzeko beharra"

Uemako lehendakari Iraitz Lazkanok hartu du hitza ekitaldiaren amaieran. Uemaren sorreran alkate eta zinegotzi izan ziren aitzindariak, mankomunitatearen ibilbidean lehendakari izan direnak, gaur egungo zuzendaritza batzordekideak eta Uemako langileak izan ditu lagun oholtzan. Lazkanok Uemaren abiapuntua eta egindako bidea gogoratu du, "emandako pausoekin eta izandako zailtasunekin batera". Era berean, udalerri euskaldunen "ardura" nabarmendu du: "Euskal Herria euskalduntzeko bidean, pauso gehiago emateko harrobia dira udalerri euskaldunak, eta euskara indartzeko aukera ez ezik, bideak zabaltzeko ardura ere badugu udalerri euskaldunok. Baina horretarako behar dugu orube bat, euskara garatzeko aukerak, baita lege-aldetik ere".

Atzera ez ezik, aurrera begira jarri da Lazkano, eta azken 30 urtean "euskarak izandako bilakaera soziolingustikoa" gogoratu eta gaur egun udalerri euskaldunek dituzten erronkak ere aipatu ditu: "Aldaketa soziolinguistikoen ondorioz, handitzen ari da ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea, eta hori ezinbestean irauli beharra daukagu, arrakala zabaldu ez dadin". Horrenbestez, "urrats berrien beharra" nabarmendu du Lazkanok. "Udaletan badago zer egina, eta jarraituko dugu horretan, baina lehentasunak eta urgentziak beste eremu batean daude orain. Kontziente izan behar dugu horretaz. Eta mugitu egin behar dugu: inertzia erdararen aldekoa da, eta egoerak mugitzea eskatzen digu, berandu izan baino lehen, eta euskara erabat bigarren mailakoa bihurtu baino lehen", adierazi du zorrotz Uemako lehendakariak. Herritarrek emandako ardurari erantzunez, udalerri euskaldunetako udalei, alkateei eta udal ordezkariei "Euskal Herri euskaldunaren orubeak sendotzea" dagokiela adierazi du Lazkanok, eta gaineratu du Uemako kide diren udalak horretan ahaleginduko direla aurrerantzean ere, "agintaldi berrian urrats sendoak emateko".

Ekitaldia amaitzeko, Azpeitiko ikastetxeetako haurrak igo dira oholtzara, eta Imanol Epelderekin batera kantatu dute Euskal Herrian euskaraz abestia. 

(Argazkiak: Alberto Beloki / Uema)