Azkoitiko eta Azpeitiko Correoseko langileek "langileen kontratazio falta" salatu dute

Andoni Elduaien 2023ko api. 27a, 12:17
Azpeitiko Correoseko langileak, egoitzaren aurrean. (LAB)

Nabarmendu dute Correos Posta Zerbitzu Unibertsala (SPU) "urratzen" ari dela, eta "etengabe atzeratzen" ari direla gutunak nahiz jakinarazpenak entregatzeko legeak jasota dituen epeak. Langileen "kontratazio falta" salatzen jarraitzeko, hiru orduko lanuzteak hasiko dituzte maiatzaren 8an.

Azkoitiko eta Azpeitiko Correoseko langileek "kontratazio falta" salatzeko elkarretaratzeak egin zituzten atzo, asteazkena, Correosen egoitzen parean. CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuek azaldu dute "kezkatuta" daudela posta zerbitzuaren lanpostuak ez direlako betetzen. Azkoitian, esaterako, "bost lanpostutatik bi bete gabe" daudela azpimarratu dute, eta Azpeitian, bederatzitik hiru. Hori horrela, maiatzaren 8tik aurrera Azkoitian hiru orduko lanuzteak egingo dituztela aurreratu dute lau sindikatuek, eta Azpeitian, "lanuzteak egitea aztertzen" ari dira.

Azaldu dute "denbora asko" daramatela lanpostu guztiak betetzeko eskakizuna egiten. "Langileak kanpoan egon diren egunetan, Correosek ez ditu bete lanpostuak, nahiz eta egun horiek behar besteko aurrerapenaz programatuta egon". Nabarmendu dute Correos Posta Zerbitzu Unibertsala (SPU) "urratzen" ari dela, eta "etengabe atzeratzen" ari direla gutunak nahiz jakinarazpenak entregatzeko legeak jasota dituen epeak. "Langile faltaren aurrean, enpresak beste produktu mota batzuk lehenetsi ditu, besteak beste, paketeria. Sindikatuok salatu nahi dugu egoera horrek langileengan sortzen duen gehiegizko ahalegina, langileen lan-baldintzei eragiten diena".

Gogorarazi dute, gainera, hauteskunde-kanpainak "lan gainkarga" sortzen duela beraien zereginean. "Oraingoz, ez dago lanpostu guztiak betetzeko aurreikuspenik". Era berean, hauteskunde kanpainarako Correosek 2.500 pertsona kontratatzeko asmoa azaldu duela adierazi dute sindikatuek. "Kontuan hartuta hurrengo Enplegua Bateratzeko deialdian 7.757 lanpostuko deialdia egin dutela, enpresak berak agerian utzi du libre dauden lanpostu guztiak eta 2.500 kontratu horiek ez direla nahikoak".

Bestalde, Hondarribiko (Gipuzkoa) langileen argudioak zalantzan jartzeko Correosek komunikatu bat igorri duela adierazi dute sindikatuek. Idatzi horren aurrean, baina, sindikatuek "berretsi" dute azken urteetako kontratazio faltaren arazoa "erreala eta frogagarria" izan dela. "Arazo hori ez da Hondarribian bakarrik gertatzen". Hori horrela, mobilizazioak lurralde osora zabalduko dituzte.

Azkoitiko Correoseko langileak, egoitzaren aurrean. (LAB)