Ibilbidea moldatuta eta festa giroz dator Domusa Teknik 40MLK lasterketaren bigarren edizioa

Maialen Etxaniz 2023ko api. 28a, 09:37

Trintxeratik Murumendira bitarteko zatian aldatu dute ibilbidea, iaz egindako balorazio inkestetan jasotako erantzunak kontuan hartuta. Beste berrikuntza bat ere izango da aurten. Hain zuzen, maiatzaren 5ean eta 6an Korrikalarien Azoka egingo dute Matxinada plazan. Inklusioa sustatzeko, Anoa Gune Urdina ez ezik, Martxa Trail Urdina izango da maiatzaren 6an. Guztira, 550 korrikalarik parte hartuko dute 40MLK lasterketaren bigarren edizioan, eta emakumezkoak %10 izango dira. 

Dagoeneko ate joka dago Domusa Teknik 40MLK lasterketa. Maiatzaren 6an izango da Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Domusa Teknikek antolatutako lasterketa, eta berrikuntzekin dator. Iaz bezala, lasterketaren eguna "festa handi bat" izatea nahi dute antolatzaileek. Atzo, ostegunez, egin zuten 2023ko Domusa Teknik 40MLK lasterketaren aurkezpena, Sanagustin kulturgunean.

Aurkezpena irekia izan zen, eta hamarnaka herritar bertaratu zen azalpenak entzutera. Hasteko, iazko irudiekin eta korrikalarien adierazpenekin osatutako bideo bat eskaini zuten, eta ondoren hasi ziren aurtengo edizioaren inguruko azalpenak ematen. Lagun Onak Mendi Bazkunako Iker Ezamak hartu zuen hitza aurrena, eta hark jakinarazi zituen lasterketaren jakingarri teknikoak. Dena den, azalpenak ematerako nabarmendu zuen Domusa Teknik 40 MLK ez dela "lasterketa soila". Hain zuzen, balore zehatzak eta mendizaletasuna sustatzeko proba dela azaldu zuen Lagun Onak mendi bazkunako kideak. "Mendizaletasuna, bertako ondarearen aberastasuna eta ingurumenaren babesa dira kirol proba horren bidez sustatu nahi ditugun balioak. Jendea idea horiekin identifikatzea eta lotzea nahi dugu, eta horrela ari gara zabaltzen Euskal Herrian zein Espainian, eta, etorkizunean, zergatik ez, mundu mailan", adierazi zuen Ezamak. Azpeitiko Udaleko zinegotzi Egoitz Arrutik eta Euskal Herriko Mendi Federazioko Andoni Zubeldiak ere hartu zuten hitza. Arrutik, antolatzaileen eta boluntarioen lanari aitortza egiteaz gain, antolatzaileei mezu zehatza eman zien: "Amets bat betetzen ari zarete; urtetik urtera gauzak hobetu nahiko dituzue, baina ez ahaztu egiten duzuenaz gozatzea. Saiatu egiten duzuen guztiaz gozatzen, hori baita garrantzitsuena". Era berean, herritarrei antolatzaileen lana errespetatzeko eskatu zien Arrutik. Zubeldiak, bere aldetik, 40MLK lasterketaren antolatzaileek "mendizaletasunaren alde" egiten duten lana goraipatu nahi izan zuen. 

Ibilbidea, balioak eta parte hartzea

Aurten, iaz bezala, kirol proba Azpeitiko plazan hasiko da 08:00etan, eta leku berean amaituko da. Guztira, 65 kilometro eta 3.700eko desnibela izango ditu Euskal Herriko Ultra Kopako lasterketak. Iazko herri eta mendi berak igaroko dituzte proban parte hartzen duten korrikalariek: Azpeitia, Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama. Mendiak, aldiz, honako hauek izango dira: Arroita edo Arauntza (612m), Sañoa (616m), Gazume (1.002m), Hernio (1078m), Murumendi (868m), Izaspi (973m), Hiruarrieta edo Samiño (933m) eta Xoxote (912m). Antolatzaileek jakinarazi dutenez, iaz egindako balorazio galdetegian jasotako erantzunak ikusita, ibilbidearen zati batzuk moldatzea erabaki dute aurten, distantziak eta desnibela mantenduta. "Trintxeratik Murumendira asfalto asko zegoela zioten galdetegietan jasotako askok, eta guk ere begiz jota genuen hori. Beraz, hainbat kontsulta eginda, lortu dugu hiru kilometro asfalto kentzea. Espero dugu korrikalariei inguru berriak gustatzea eta horiez gozatzea", adierazi zuen Ezamak aurkezpenean.

Honako hau da lasterketaren ibilbidea:

Guztira, 550 korrikalarik parte hartuko dute bigarren 40 MLK proban, iaz baino 150 gehiago. Bi ordu eta erdian agortu ziren salgai jarritako 550 dortsalak, eta antolatzaileak eskertuta agertu dira. 550 korrikalarietatik 90 izango dira azpeitiarrak, 54 azkoitiarrak eta sei gainerako herrietakoak, Errezilgoak, Bidania-Goiazkoak eta Beizamakoak.

Emakumeen parte hartzean ere jarri dute arreta berezia antolatzaileek. Ezamak emandako datuen arabera, 550 korrikalarietatik %10 dira emakumezkoak. "Aurten ere egin dugu saiakera emakumeen parte hartzea sustatzeko. Horretarako, hainbat irteera antolatu ditugu urtean zehar emakumeei zuzenduta eta emakume korrikalari ezagunek gidatuta". Hala ere, emakumeen parte hartzea sustatzen jarraitzeko konpromisoa erakutsi zuen Lagun Onak mendi bazkunakoak.

Aurtengo proban parte hartuko duten korrikalari esanguratsuak ere jakinarazi dituzte antolatzaileek. Besteak beste, honako hauek izango dira 40 MLK lasterketan nor baino nor arituko diren korrikalari esanguratsuak: Aritz Egea –iazko irabazlea–, Javier Dominguez, Diego Arrollo, Marcos Ramos, Ohiana Azkorbebeitia, Christine Selman eta Marta Molist. Euskal Herriko punta-puntako korrikalariak ere izango dira maiatzaren 6ko hitzorduan, tartean, Sara Peña, Amaia Errazkin, Uxua Irigoien, Elena Calvillo eta Azpeitiko Onintza Zeberio eta Nerea Aizpuru, Igor Mancisidor, Goar Lopetegi, Adur Mendizabal, Borja Zubizarreta azkoitiarra, eta Azpeitiko Unai Zialtzeta, Ibai Etxeberria eta Josu Imaz, besteak beste. Goar Lopetegiren eta Adur Mendizabalen artean lehia estua aurreikusten dute antolatzaileek, Ultra Kopako lehen eta bigarren postuetan baitaude.

Izen handiko korrikalariek parte hartuko duten proba izango da maiatzaren 6koa, baina antolatzaileek korrikalariei beste garrantzia eman diote boluntarioen ekarpenari, eta "oso eskertuta" agertu dira. Aurten, 400 boluntariok egingo dute lan 40MLK lasterketa aurrera ateratzeko, eta haien ekarpena nabarmendu zuen Ezamak. Joan zen astean egin zuten boluntarioei zuzendutako eguna Azpeitiko Azoka Plazan. "Boluntarioen ekarpenik gabe hau ez zen posible izango". 

Beste berrikuntza bat ere izango da aurten. Hain zuzen, maiatzaren 5ean Korrikalarien Azoka egingo dute Matxinada plazan. Azoka 17:30etik 20:00etara izango da, eta bertan askotariko produktuak jarriko dituzte: kirolerako jakiak, arropa... Ostiraleroko baserritarren azoka ere han jarriko dute. 

Taupada Urdina, Xoxoten

Domusa Teknik enpresako errektore kontseiluko Jon Ezamak, bere aldetik, boluntarioen lana eskertu ez ezik, Domusa Teknik kooperatibako langileen ekarpena ere azpimarratu zuen. Haren hitzetan, enpresako langileak "erabat" murgildu dira proiektuan: "Domusak 220 langile ditu egun, eta horietatik 90 langile boluntario arituko dira maiatzaren 6an. Horrek erakusten du haiek ere bere egin dutela proba". 

Bestalde, Taupada Urdina mugimendua Domusa Teknik 40MLK lasterketara iritsiko dela jakinarazi zuen Ezamak. Domusa Teknik eta Lanak Mondragon korporazioko bi kooperatibek Taupada Urdina proiektua sortu dute aurten, Euskal Herriko trail talderik esanguratsuena bilakatzea eta korrikalari euskaldunei garatzeko aukera emateko helburuz. Egun, bederatzi korrikalarik osatzen dute Domusa Teknik Team, hiru emakumek eta sei gizonek, tartean Aritz Egeak, Ibai Angulok eta Borja Zubizarretak. Domusa Teknik Teameko hainbat lasterketarik parte hartuko dute maiatzaren 6ko proban, eta horiek animatzeko Taupada Urdina mugimendua iritsiko da Xoxotera. Hori dela eta, hainbat ekintza antolatu dituzte Xoxoteko anoa gunean. Paella jana izango da Xoxoten, eta bertaratzen direnei kamiseta urdinak banatuko dizkiete antolatzaileek. Paella hiru euro ordaindu beharko da. 

Martxa Trail Urdina

Inklusioa ere bada Domusa Teknik 40 MLK lasterketaren baloreetako bat, eta hori nabarmena izan zen iazko edizioan. Aurten, Anoa Gune Urdina jarri ez ezik, sentsibilizazio saioak ere egingo dituzte lasterketaren bueltan. Nekane Zalbide Marea Urdinako kideak eman zituen antolatu dituzten ekintzen inguruko xehetasunak. Besteak beste, Pol Makuriren hitzaldia eta Martxa Trail Urdina antolatu dituzte aurtengorako. Zalbidek azaldu zuenez, LH5 eta LH6ko ikasleei eskainiko die solasaldia Makurik lasterketaren bezpera egunean. Hain zuzen, Azpeitiko Soreasu antzokian eta Azkoitiko Baztartxo antzokian eskainiko ditu hitzaldiak Makurik maiatzaren 5ean. "Makuri Sabadelekoa da, iraupen eskiko kirolari paralinpikoa eta mendi korrikalaria, Zegama-Aizkorri bukatu duen pertsona paralinpiko bakarra da. Hark erakusten duen alaitasunagatik ekarriko dugu hona".

Bestalde, Martxa Trail Urdina antolatu dute maiatzaren 6rako. Ikaskirolaren barruan egingo dute proba, eta Azpeitiko plazatik hasiko da 09:30ean. Xaguxatar ibilbideari jarraika osatuko dute martxa, eta aldarria izango da egitasmoaren ardatzetako bat. Hori dela eta, bi aldarri irakurriko dituzte, bata plazatik irtetean eta bestea Anoa Gune Urdinean, 11:00 aldera. Lekukoa eramango duen haurrak irakurriko du aldarrikapena. Atzo sartu zuten mezua lekukoan, eta hori izango da maiatzaren 6ko Martxa Trail Urdinean irakurriko dutena. "Aurten ez dugu olatu erraldoirik antolatu, baina bai Olatzetik behera jaitsiko den Marea Urdin erraldoia. Horrez gain, iaz bezala, Anoa Gune Urdina izango da Ikasberri ondoan, eta bertan denetarik egongo da: puzgarriak, sentsibilizazio jolasak, DJa, Eusko Label pintxoak, eta, noski, korrikalarientzako anoa gunea". 

Egitaraua osorik, laster. 

Maiatzak 5, ostirala:

  • 10:30ean, Pol Makuriren hitzaldia, Soreasu antzokian. 
  • 15:30ean, Pol Makuriren hitzaldia, Baztartxo antzokian.  
  • 17:30etik 19:30era, dortsal banaketa, Azpeitiko Azoka Plazan. 
  • 17:30etik 20:00ra, Korrikalarien Azoka, Matxinada plazan.

Maiatzak 6, Larunbata,

  • 06:00etatik 07:00etara, dortsal banaketa, Azpeitiko Azoka Plazan. 
  • 08:00etan, 40MLK lasterketaren irteera Azpeitiko plazatik. 
  • 09:30ean, Trail Martxa Urdinaren hasiera, plazatik. Pol Makurik irekiko du. 
  • 11:30ean, Trail Martxa Urdinaren iritsiera Ikasberriko Anoa Gune Urdinera.
  • Egun osoan zehar, ekitaldiak Anoa Gune Urdinean. 
  • Paella jana eta Taupada Urdina, Xoxoteko aterpetxean. 
  • 20:30ean, lasterketaren itxiera.