Emakume ekintzaileak eta zibersegurtasuna batzen dituen jardunaldia antolatu du UKUEk

Andrea Zipitria 2023ko mai. 7a, 11:00

Martxoan abian jarritako zibersegurtasunaren inguruko sentsibilizazio kanpainaren baitan, generoari lotutako arrakala digitalaren harira aurrez aurreko topaketa bat antolatu du hilaren 17rako UKUEk. Bereziki emakume langile, ekintzaile eta arduradunei zuzendutako saioa izango da. Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute.

Martxoan abian jarritako zibersegurtasunaren inguruko sentsibilizazio kanpainaren baitan, emakume ekintzaileak eta zibersegurtasuna batzen dituen aurrez aurreko topaketa antolatu du Urola Kostako Udal elkarteak. Emakume ekintzaileak eta zibersergutasuna: ezinbesteko jarraibideak enpresa proiektuak segurtasunez abian jartzeko izenpean aurkeztu dute, eta generoari lotutako arrakala digitalaren inguruan sentsibilizatzeko saioa izango da. Bereziki emakume ekintzaile, langile edo arduradunei zuzendutako topaketa da. 

Besteak beste, landuko dituzten gaiak izango dira: digitalizazioak zibersegurtasunaren arloan ezartzen dituen erronkak, sare sozialak era seguruan erabiltzeko jarraibideak, iruzurrezko mezuak nola atzeman, tresna erabilgarriak eta pasahitzak behar bezala kudeatzearen garrantzia.

Izen ematea zabalik

Topaketa hau maiatzaren 17an izango da, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea 6, Abendaño industriagunea), goizeko 9:30etik 11:00etara. Parte hartzeko ezinbestekoa da honako estekan izena ematea.

Argibideak jasotzeko nahiz informazio gehiagorako, Enpresentzako Zerbitzuetara deitu –943-89 08 08– edo enpresa@urolakosta.eus helbidera idatzi daiteke.