Hasi dute Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketa

Nerea Uranga 2023ko mai. 6a, 08:40

500 korrikalaritik gora irten dira 08:00etan Azpeitiko plazatik. 65 kilometroko ibilbidea egingo dute Azpeitia, Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama artean.

Gaur 08:00etan hasi da Domusa Teknik 40 MLK kirol probaren bigarren edizioa. Guztira, 65 kilometro eta 3.700 metroko desnibela izango dituzte egiteko mendi lasterketako partaideek, Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama artean. Arroita edo Arauntza (612m), Sañoa (616m), Gazume (1.002m), Hernio (1078m), Murumendi (868m), Izaspi (973m), Hiruarrieta edo Samiño (933m) eta Xoxote (912m) gainak igaroko dituzte kirolariek Azpeitiko plazako helmugara iritsi aurretik.

Hona hemen ibilbidea eta lasterkariak guneetan espero diren ordutegiak:

Kirola eta festa uztartuko ditu aurten ere Domusa Teknikek eta Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako mendi lasterketak. Horregatik, lasterketaren bueltan hainbat ekintza antolatu dituzte gaur egun osoan zehar.

Egitaraua

Gaur, larunbata.

  • 09:30. Trail Martxa Urdinaren hasiera, plazatik. Pol Makurik irekiko du.
  • 10:00-20:00. Korrikalarien azoka, Matxinada kaleko plazan.
  • 10:30-13:30. Santa Ageda gainean, Beizaman, Beizamako txakolina eta pintxoak.
  • 11:00. Trail Martxa Urdinaren iritsiera Ikasberriko Anoa Gune Urdinera.
  • 11:00-18:00. Atracciones Sanzen puzgarriak, Anoa Gune Urdinean.
  • 11:00-13:00. Sentsibilizazio jolasak, Anoa Gune Urdinean.
  • 12:00-16:00. Eusko Labelen eskutik, pintxoak eta edariak, Anoa Gune Urdinean.
  • 12:30. Lehen korrikalariari ongietorria, Anoa Gune Urdinean.
  • 13:00. Paella jana, 3 euroan, Xoxoteko Taupada Urdina gunean; Taupada Urdina kamiseta opari.
  • 14:00. Lehen korrikalariaren iritsiera, plazan.
  • 16:30. #40MLKx2 erronkaren sari banaketa, Anoa Gune Urdinean.
  • 17:45. Azken korrikalariaren ongietorria, Anoa Gune Urdinean.
  • 13:00-20:30. DJa, plazan. 20:30. Lasterketaren itxiera, plazan.
  • 20:45. Sari banaketa, plazan.
  • 21:00. Hamarru elektrotxaranga, Etxe Zuri aurretik hasita.
  • 22:30. Gatiburen kontzertua, Sanagustin kulturgunean. *Anoa Gune Urdina Ikasberriko aparkalekuan egongo da.