Zentral eolikoak egiteko eskualdeko bi mendigune izendatu dituzte Eusko Jaurlaritzaren LPSan

Julene Frantzesena eta Aitziber Arzallus 2023ko mai. 10a, 11:24
LPSan jaso duten mapa –morez, eremu onentzat jo dituztenak–. (Eusko Jaurlaritza)

Errezilgo Txorondegi-Indo eta Beizamako Urraki-Illaun eremuak dira LPSan zentral eolikoak egiteko leku egokitzat jo dituztenetako bi. Eskala ertaineko proiektuei ez die eragiten planak; Oletako Buruzai proiektua da horietako bat. Statkraftek azaldutako Piaspe proiektuaren ezaugarriak kontuan hartuta, eskala handiko parkea litzateke Sañoakoa, instalatutako potentzia tarteko.

Eusko Jaurlaritzak hasierako onarpena eman dio Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari (LPS), eta gaur argitaratu ditu erakundeak plan horren nondik norakoak, haren hasierako onespen aginduarekin batera. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 57 udalerritako hainbat mendigune hautatu dituzte zentral eolikoak egiteko, tartean Urola Kostako bi kokapen eremu: Errezilgo Txorondegi-Indo eremua eta Beizamako Urraki-Illaun eremua. Bi gune horiek aurreikusita zeuden LPSaren aurrerapen txostenean ere.

Planaren arabera, egokitasun "altua edo ertaina" dute izendatutako kokapen horiek: urteko haizearen batez besteko abiadura 6,22 metro segundokoa izatea, eta gutxienez, bi kilometroko luzera edukitzea –jarraian edo etenekin–. Planari hasierako onarpena emanda eta hainbat eremu izendatuta, gaurtik aurrera 45 egun dituzte udalek eta herritarrek alegazioak eta ekarpenak aurkezteko.

Horrenbestez, gaur argitaratu duten zerrendatik kanpo gelditu dira LPSaren aurrerapen txostenean ageri ziren kokaguneetako asko, hala nola Indamendi-Txatxarro (Aizarnazabal eta Aia) Atxurigain (Azkoitia) eta Otarre-Larraskanda (Deba, Mendaro eta Azkoitia).

Eusko Jaurlaritzak 2030erako energia berriztagarrien hazkunde handia bideratzeko helburuari bide eman nahi dio LPSarekin, zentral eoliko eta fotovoltaiko handiak eraikita. Euskadi 2030 Energia Estrategiaren helburuak lortzea dute xede, urte horretan energia kontsumoaren %21 berriztagarrien bidez lortzea helburu izanik. Hain zuzen ere, potentzia eolikoa 167 megawattetik 783ra handitu nahi du, eta fotovoltaikoa, berriz, 55 megawattetik 293ra.

Bost errotatik beherako proiektuak

LPSan izendatu dituen eremuetatik kanpo laga ditu Eusko Jaurlaritzak eskala ertaineko instalazio eolikoak. Hain zuzen ere, horiek bost haize errota baino gutxiago dituzten proiektuak dira eta 30 megawatteko potentziatik beherakoak –50 MWetik gorakoak, berriz, Espainiako Gobernuak kudeatzen ditu–.

Erakundeak ebatzi du LPSak ezin dituela proiektu horietarako aurreikusten diren lur erreserbak modu zuzenean aurreikusi. Horregatik, funtzio hori lurralde antolaketarako beste araudi batzuek dutela aurreikusi du Jaurlaritzak, besteren artean lurralde plan partzialek (LPP) eta hiri antolamendurako plan orokorrek (HAPO). Horien eskumena foru aldundiena eta udalena da, hurrenez hurren.

Horrenbestez, LPSak izendatutako eremuetatik kanpo ere eraiki ahal izango dira proiektu eolikoak eta fotovoltaikoak, lurralde antolaketarako beste plan batzuen bidez. Dena den, LPSan jaso dituzten esklusio eremuetan ezingo dira egin horiek –mapan gorriz markatuta daude–.

Oleta eta Sañoa

Eskualdean badira hautsak harrotu dituzten zentral eolikoen bi balizko proiektu: Azkoitiko lurretan egin nahi duten Oletakoa, eta Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo lurretan egin asmo duten Sañoakoa.

Buruzai proiektua egiteko interesa agertu duen eta izapideak egiten hasi den Capital Energy enpresak emandako datuen arabera, lau haize errota jarriko dituzte Oletan, bakoitza 4,5 MWeko potentziaduna. Ezaugarri horiek kontuan izan da, beraz, LPStik kanpo gelditzen da proiektu hori, eta lurralde antolaketarako beste araudi batzuk hartu beharko dituzte kontuan instalazioa eraiki edo ez erabakitzeko. Gainera, Jaurlaritzak hainbat plano argitaratu ditu gaur, eta horietan lurren egokitasuna bereiztu du koloreen arabera; ez dago argi Oletan aerosorgailuak jarriko lituzketen eremuaren egokitasuna zer mailatakoa den.

Sañoan Piaspe izeneko parke eolikoa egiteko interesa agertu du Statkraft enpresak. Norvegiako enpresa horrek bost haize errota ezartzeko asmoa agertu du Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo lurretan, eta airesorgailu horiek guztira 33 MWeko potentzia lukete. Horrek sortzen ditu, hain zuzen ere, zalantzak: instalatutako potentziak. Izan ere, maila ertainekoak izateko bi baldintza bete behar dituzte parkeek: bost haize errota edo gutxiago izan eta 30 MW baino gutxiago izan. Horrenbestez, berez, instalatutako potentzia kontuan hartuta, eskala handiko parkea litzateke Statkraftek oraingoz aurkeztu duen Sañoarako proiektua. Gainera, Jaurlaritzak argitaratutako planoetan ikus daitekeenez, egokitasun baxuko eremua da Sañoakoa.

Dena dela, Jaurlaritzak zehaztu duenez, LPSa indarrean sartu aurretik –oraingoz hasierako onarpena besterik ez diote eman– tramitazio fasean diren proiektuak eskaera egin zutenean indarrean ziren lurzoru eta hirigintza araudiak bete beharko dituzte. Zehazten ez duena da zer jotzen duen izapideak hasteko puntutzat.   

Planta fotovoltaikoak ere bai

Gipuzkoan 57 udalerritako mendiguneak izendatu ditu Eusko Jaurlaritzak zentral eolikoak eraikitzeko, eta, aldiz, 53 leku planta fotovoltaikoak egiteko. Horietatik zazpi dira Gipuzkoako eremuak, eta bi, zehazki, Urola Kostakoak, biak ere Zestoako lurretan kokatuak.