Baserritar emakumeei omen

Ane Olaizola 2023ko mai. 12a, 10:30
Maria Biain. (Sustraiak)

Emakumeek baserrian duten rola bistaratzeko, 'Sustraiak' dokumentala zuzendu dute Beizamak eta Espargallasek. Tartean, Beizamako bi baserritarren testigantzak jaso dituzte. 

Emakume baserritarren errealitatea bistaratzeko asmoz, Sustraiak dokumentala ondu dute  Ander Beizama eta Ander Espargallas zuzendari zarauztarrek. Belaunaldi desberdinetako lau emakumeren testigantzak jaso dituzte ikus-entzunezkoan, eta emakume baserritarren lehengo eta oraingo egoeraren "kontrastea" helarazi nahi izan dute. Herenegun Zestoan proiektatu ostean, bihar Beizaman eskainiko dute Sustraiak, 18:00etan, Natur Eskolan. Orduan ikusi ahal izango dute lana, besteak beste, testigantzak eman dituzten Itxaso Aramendi eta Maria Biain beizamarrek. 

Dokumentalaren zuzendari Beizamaren arabera, ikus-entzunezkoan parte hartu duten lau baserritar emakumeek –Aiora Egiguren eta Maritxu Beristain dira beste bi protagonistak– hainbat gai jorratu dituzte: besteak beste, zein izan den emakumearen rola, baserriaren etorkizuna, belaunaldi aldaketa eta ogibidea azaldu dituzte. "Orain arte eduki ez duten ahotsa eman nahi izan diegu emakume horiei. Izan ere, betidanik esan izan da baserria gizonak ateratzen zuela aurrera, baina hori ez da hala. Emakumeek, baserriko lanak ez ezik, etxeko eta zaintza lanak ere egin izan dituzte, eta funtsean, omenaldi txiki bat egin nahi izan diegu haiei", adierazi du zuzendariak. 

"Kontraste handia" ikusi dute zuzendariek belaunaldi zaharren eta gazteen artean. "Lehengo emakumeak guztiz lotuta zeuden baserrira. [Aiora] Egigurenek esan zigun, esaterako, senarrarekin ardurak erdibana banatzen dituela; ados jartzen direla bakoitzak zer lan egin. Lehen, ordea, hori ez zen horrela: senarra lanak egitera joaten zen, eta hark edozein lekutara joan ahal zuen, baina emakumea etxean geratzen zen. Egoera asko aldatu da", esan du Beizamak. 

Bilakaeraren lekuko zuzena da Maria Biain. Jaiotzez bidaniarra eta Beizamako Lete baserrian hazitakoa, hango Aitzalde baserrian bizi da senarra zenarekin ezkondu zenetik. 88 urteko emakumeak hizketaldi biziz kontatu ditu hark baserrian lehen egiten zituen lanak: "Denetarik egin behar izaten genuen: baserriko kontuak, etxekoak eta umeei zegozkienak". 

Biain okina izan da ogibidez, eta oraindik ere jarraitzen du ogia egiten. "Duela urte asko, etxe guztien kanpoaldean zegoen ogia egiteko labea. Orain, berriz, uste dut gurean bakarrik dagoela". Zazpi seme-alaba ditu hark, eta ondo gogoan du lehen nola egiten zuen lan: "Hankekin ontzen genuen orea. Umeak txikiak zirenean, haiei hankak garbitzen nizkien, eta nik egindako masa haiek ontzen zuten. Gero, makina ekarri zidaten, eta harrezkero, horrekin egiten dut orea. Lan handia eskatzen du, baina horretara ohitu nahiz, eta ahal dudan bitartean behintzat, jarraituko dut ogia egiten­". 

Soroa eta baratzea ere lantzen ditu Biainek. Haren arabera, "inork" egin nahi ez duen lana da hori: "Aitzurrak botoirik ez duela esaten didate", laburtu du barre artean, eta zera gaineratu du: "Ezin da hitzez azaldu garai batean zenbat lan egiten genuen. Nire ama gaztea zenean, ez zegoen makinarik edota traktorerik ere, eta hark Azpeitira joan behar zuenean, astoz egiten zuen Nuarberainoko bidea, eskuan farola hartuta. Jar itzazu orain gazteak horrela...".

Gazteago, "ahaldunduago"

Elkarrekin loturarik ez duten baserritarrak dira dokumentaleko protagonistak, zuzendariaren arabera. Biainek eta Itxaso Aramendik, ordea, badute zerbait komunean: Beizaman bizi dira eta okinak dira. Jaiotzez getariarra da Aramendi, eta duela hamabost urtetatik Beizamako Aginondo baserrian bizi da. "Langabezian geratu nintzenean, baserrian lan egitea eta hortik bizimodua ateratzea erabaki nuen, lotarako lekua izatetik haratago". Antzinako labea dute han ere, eta haren bidez hasi zen Aramendi ogia egiten. Haren arabera, baserriko lanak aukera eman dio familia eta lana uztartzeko: "Aukeratu dugun bizimoduak ahalbidetu digu umeak ondoan izatea. Haiek gaixotzen badira, badakite norbait dagoela etxean, eta niretzat oso garrantzitsua da hori, gainontzean kontziliazioa ez delako existitzen. Lehen, familia barruko belaunaldi desberdinetako kideek elkar zaintzen zuten, baina jendea etxetik kanpo lan egiten hasi zenetik, zaintzari lotutako ohitura horiek galdu egin dira". 

Emakumeek baserrian duten rolari dagokionez, Aramendik uste du horiek "ekonomikoki autonomia" bereganatu dutela, eta horrek "ahalduntzen" lagundu diela. Zentzu horretan, dokumentala "polita" izango delakoan da baserritarra, "belaunaldi desberdinetako pertsonen testigantzak" jasotzen dituelako. 

Era berean, kontakizunak "jarraibide bat" izatea nahiko luke hark: "Jendeak jakin dezala zein den baserritarren errealitatea, eta gazteak anima daitezela lurra lantzera. Azoka ikusi besterik ez dago: 70 urtetik gorakoak daude han lanean. Gazteak behar dira". Zuzendariak ere dei egin die gazteei, baserrien errealitatea ikus dezaten. "Baserriak mantentzeko zer egin daitekeen pentsarazi nahiko genuke".

Itxaso Aramendi. (Sustraiak dokumentala)