Txikientzat animaliarik gabeko jaiak

Nerea Uranga eta Aitziber Arzallus 2023ko mai. 12a, 16:00
Iazko sanisidroetan Lopeneren zezen txikiak eta poniak izan ziren Aratzerrekan. (Maialen Etxaniz)

Joan den abuztuan Eusko Jaurlaritzak etxeko animalien ongizatearen inguruko legea onartu zuen, eta horrek debekatu egiten du animaliekin 16 urtetik beherakoentzako ekintzak antolatzea. 

Herri txiki eta auzo askotako festetan, orain artean, animalien bueltako ekitaldiak izaten ziren egitarauko jarduerarik garrantzitsuenetakoak, edo, behintzat, ikusminik handienetakoa sortzen zutenak: Loiolako sanjosetako asto lasterketak, Aratzerrekako sanisidroetako zezen txikiak eta poniak... Baina joan den abuztuan Eusko Jaurlaritzak kaleratu zuen etxeko animalien ongizatearen inguruko legeak dio animaliak tartean diren arautu gabeko ekitaldiak ezin direla egin, eta hortik gorabeherak. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako baimena tarteko, duela bizpahiru hilabetera arte gisa horretako ikuskizunak antolatzen jarraitu dute Gipuzkoan; baina, uneotan, erabat debekatuta daude.

Animaliekin egiten diren 16 urtetik gorakoentzako ekitaldiei ez die eragiten Jaurlaritzaren legeak, horiek araututa daudelako. Hainbat elkarteren eta ganaduzaleren nahia da egun arautu gabe dauden ikuskizun horiek ere arautzea, bete beharreko baldintzak beteta ikuskizunak antolatzeko modua izan dezaten. Eskaera horrekin behin baino gehiagotan joan dira Gipuzkoako Foru Aldundira zein Eusko Jaurlaritzara, baina, oraingoz, asmo onak bai, baina ezer gutxi lortu dute, eta horren ondorio zuzenak jasaten ari dira ganaduzaleak, baita herri txikietako zein auzoetako festak ere.

Gipuzkoan zezen txikien eta ponien ikuskizunak eskaintzen dituzten zortzi ganadutegi daude. Zestoako Lopene ganadutegia da horietako bat, eta Josu Arregi azpeitiarra haren jabea. Orain arte, urtean ehun bat ekitaldi egiten zituen zezen txikiekin eta poniekin, baina aurtengo uda bestelakoa izango dela aurreikusten du. "Guretzako eragin nabarmena du festetan zezen txikiak eta poniak ezin antolatu izateak, irabazien %90 inguru hortik ateratzen genuelako. Aurtengo uda izorratuta pasatu beharko dugu; Nafarroara eta Espainian Burgosera, Kantabriara eta abar joateko aukera izango dugu, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezingo dugu ezer egin".

Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa espero zutela aitortu du Lopene ganadutegikoak. "Jaurlaritzak legea udan atera zuen arren, foru aldundiak emandako baimenari esker, karnabalak arte zezen txikien eta ponien ekitaldiak egiteko aukera izan genuen, baina gero, gauza mugitzen hasi zen, eta kito. Uste genuen aurrerantzean ere foru aldundiaren babesa izango genuela, baina ez, dena moztu digute, eta hainbeste herritan hainbeste urtean egin izan diren ekitaldiak bertan behera gelditu dira".

Esperantza handirik ez duela aitortu du Arregik. "Eskatzen duguna da arautzea, eta gure aldetik ari gara ahaleginak egiten, bai ganadutegien elkartetik eta bai zezenzaleen elkartetik gauzak zuzendu nahian, baina nik neuk ez daukat esperantza handirik. Agindu egin digute, baina ez dakit hitza beteko duten". Handi eta txiki, ehun abelburu dituzte Lopene ganadutegian, eta datorren urteko udarako kontua ez bada zuzentzen, garbi du Arregik abelburu horiek guztiak ezingo dituela mantendu. "Zezen handiekin, azkenean, gastu gehiago eta lan gehiago egin behar da antolatzeko. Beraz, zezen txikien eta ponien ikuskizunak kentzen baldin badizkigute, hau guztia pikutara joango da".

Ganaduzaleei ez ezik, herri txikietako eta auzoetako festei ere zuzenean eragin die Jaurlaritzaren debekuak, eta horren lekuko da Susana Odriozola Aratzerrekako festa batzordeko kidea. "1.642 euroko aurrekontua daukagu auzoko festak antolatzeko, eta horrekin ez daukagu miraririk egiterik. Adin guztietako herritarrentzat festak antolatzen saiatzen gara, eta egitaraua antzekoa izaten da beti: herri afaria helduentzat, jolasak umeentzat eta zezen txikiak eta poniak gaztetxoentzat". Azken hori kenduta, 12 urtetik 16 urtera arteko gaztetxoak auzora erakartzea oso zaila izango dela uste du. "Joan den urtean gazte pila bat etorri zen Azpeititik bizikletaz zezen txikietan ibiltzera, baina aurten zer eskain diezaiekegu?", galdetu du.

Animalien babeserako legeaz iritzirik ez du eman nahi izan Odriozolak, baina aukera baliatu du udal ordezkariei kritika egiteko. "Behin eta berriz esaten digute auzoetako festak kontuan hartzen dituztela eta horiek bultzatu nahi dituztela, baina ez zait iruditzen benetan hala denik; izan ere, urtean asteburu bat eskatzen diegu, eta asteburu horretan bertan jarduera pila bat antolatzen dituzte herrian".

San Isidro eta Santa Marina festarako aitzakia izango dira gaurtik hasita

Udaberriarekin batera, herriz herri eta auzoz auzo festak loratzen hasi dira eskualdean. Gaurtik astelehenera bitartean, sanisidroak ospatuko dituzte Azpeitiko Aratzerrekan, Zestoako Arroabean, Azkoitiko Madariagan eta Getariako Meagan. Zarautzen, berriz, Santa Marinako jaietako lehen ekitaldiak izango dituzte asteburu honetan, eta hurrengo asteburuan jarraituko dute festetako ekitaldiekin.

Aratzerrekan hiru eguneko festa egitaraua antolatu dute: gaur, bihar eta astelehenean izango dituzte jai giroko ekitaldiak, igandean atseden hartuta –beste urte batzuetan egin izan duten bezala–. Aratzerrekakoek gaur iluntzean igo eta astelehen iluntzean jaitsiko dute jaien ikur bihurtu duten aitzurra.

Aratzerrekan bezala, gaurtik hasiko dira sanisidroak ospatzen Meagan, 21:00etan txupinazoa botata. Bihar arratsaldean umeentzako ekintzak izango dituzte, eta iluntzean, afaria. Igandean, berriz, txerrikia jateko aukera izango da sagardoak lagunduta, eta Gure Txerukoek dantza emanaldia eskainiko dute.

Arroabean bihar eta etzi egingo dituzte ekitaldiak. Biharko adin guztietakoentzako ekintzak prestatu dituzte.

Madariagan, berriz, astelehenean ospatuko dute festa eguna. Donostiako Elizbarrutiko Fernando Prado gotzainak San Isidro eguneko meza emango du Madariagan, eta elizkizunaren ondoren, hamaiketakoa eta bertsolariak izango dira.

Asteburu honetan hasiko dituzte Santa Marinako jaiak Zarautzen; igande eguerdian leherraraziko dute jaietako txupinazoa. Aurten, gainera, Zarauzko Udal Musika Banda gonbidatu dute kaleko bandera igotzera. Bihar eta etzi ekintzak izango dituzte, eta festek segida izango dute hurrengo asteburuan.

Egitarauak

Aratzerreka (Azpeitia)

Gaur, ostirala.

  • 20:00. Aitzurraren igoera eta txupinazoa.
  • 20:30. Auzo afaria, Itzeder eta Axier trikitilariekin. Menu itxia izango da.
    Bihar, larunbata. 
    Umeen Eguna.
  • 16:00. Ume jolasak eta merienda.
  • 18:00. Julen magoa.
  • 20:00. Pintxo-potea 
    frontoian.

Maiatzaren 15a, astelehena. San Isidro eguna.

  • 11:30. Suziriak.
  • 12:00. Meza nagusia.
  • 14:00. Bazkaria, Gariye eta Lanberri trikitilariekin.
  • 18:00. Pilota partidak.
  • 20:00. Aitzurraren jaitsiera.

Arroabea (Zestoa)

Bihar, larunbata. 

  • 16:00. Mus txapelketa Ederki elkartean.
  • 18:00. Buruhandiak, eta ondoren, haurrentzako txokolatada.
  • Arratsaldean zehar, triki-poteoa.
  • 21:00. Herri afaria (haurrentzako afaria, 20:30ean). Txartelak salgai daude honako tokietan: Txara, Txomin eta Sakulupe 
    tabernan. Afarirako helduen txartelak 23 euro balio ditu, eta haurrenak 9 euro.

Etzi, igandea. 

  • 10:00-13:00. Udaberriko Hirugarren Argazki Rallya.

Madariaga (Azkoitia)

Maiatzak 15, astelehena. San Isidro eguna. 

  • 11:00. Meza, Donostiako Elizbarrutiko Fernando Prado gotzainak emanda.
  • 12:30. Hamaiketakoa, musika animazioa eta Agin Laburu 
    eta Unai Agirre bertsolarien saioa.
    * Azkoitiko Udalak autobusa jarri du Madariagara joateko eta itzultzeko: Julio Urkixo kaleko geralekutik 10:00etan eta 10:30ean irtengo du autobusak. Madariagatik Azkoitirako itzulerako autobusak 13:30ean eta 14:00etan irtengo du.

Meaga (Getaria)

Gaur, ostirala. 

  • 21:00. Jaiei hasiera emateko txupinazoa eta ikurrinaren igoera.
  • 22:00. Mus txapelketa azkarra. Izen ematea egunean bertan egin beharko da, 21:30etik aurrera. Bikote bakoitzak 30 euro ordaindu beharko ditu.
    Bihar, larunbata.
  • 17:00. Ume jolasak.
  •  Ondoren, txokolatada.
  •  21:00. Julen Erkizi eta Manex Muxku trikitilariek girotuta, triki-afaria (afarian izena emateko epea bukatuta dago).
  • Ondoren, giroarekin jarraitzeko, auzo elkartean, barra irekia eta musika.

Etzi, igandea.

  • 11:00. Meza.
  • Ondoren, elkartearen inguruan sagardo dastaketa, txerriki erreaz lagunduta, eta Gure Txeru dantza taldearen emanaldia.

Maiatzak 15, astelehena. San Isidro eguna.

  • 11:00. Meza eta prozesioa.
  • Ondoren, elkartearen inguruan, txakolin dastaketa txerriki errearekin.
  • 14:00. Auzoko adindunen bazkaria, Azkue hotelean. Izen ematea Azkue hotelean egin behar da, 943-83 05 54 telefonoan. 
  • 23:00. Erromeria Izer eta Alabier trikitilariekin, elkartean. 

Santa Marina (Zarautz)

Bihar, larunbata. 

  • 10:00. XXXII.Pilota Txapelketa.
    La Salle Zaharreko frontoian, txapelketaren finalerdiak izango dira. Euria egiten badu, pilota partidak Zinema frontoian izango dira.
  • 16:00. Santa Marinako XL. Mus Txapelketa. Izen ematea Santa Marinako plazatxoan izango da, 15:30etik aurrera.
  • 19:30. Slow Times Blues Band taldearen emanaldia.

Etzi, igandea. 

  • Egunean zehar, haurrentzako puzgarriak.
  • 11:00. Gazteentzat XLIV Marrazki eta Pintura Lehiaketa kalean eta Arts & Crafts with Up English. Ondoren, marrazki lehiaketako opariak banatuko dituzte.
  • 12:30. Txupinazoa, kanpai errepika eta banderaren goratzea festak iragarriz,
     erraldoi eta buruhandiekin. Aurtengo banderaren igotzea Zarauzko Udal Musika Bandak egingo du. Txistulariek eta txarangak auzoko kaleak alaituko dituzte.
  • 17:00. Apaxi ipuin kontalariaren emanaldia haurrentzat.
  • 18:00. 6 urte bitarteko haurrentzat XIV. moto eta patinete lasterketak (bakoitzak bere motoa edo patinetea eraman beharko du). Parte hartzaile guztien artean Meitamaitiek oparitutako hiru Life Faktory botila zozkatuko dituzte. 
  • Jarraian, entzierro txikia kalean zehar. 
  • Bukaeran, txokolatea banatuko dute, eta buruhandiak ibiliko dira kalean zehar.