San Isidro eguna ospatu dute eskualdeko hainbat txokotan

Mireia Galarza Bastida-Julene Frantzesena-Ane Olaizola 2023ko mai. 15a, 17:51
Meagan, herritar batzuk, hamaiketakoaz gozatzen gaur eguerdian. (Mireia Galarza Bastida)

Meaga, Aratzerreka eta Madariaga auzoetan festa giroa da nagusi gaur, eta asteburuan hasitako festak gaurko egunarekin batera amaituko dira.

San Isidro eguna da gaur, baserritarren eguna, eta eskualdean, han-hemenka festa giroa nagusitu da. Getariako Meaga auzoan, Azkoitiko Madariaga auzoan eta Azpeitiko Aratzerreka auzoan, esaterako (ikus irudi bildumak esteketan klik eginda).

Azkoitiko Madariaga auzoan eguerdi partean bildu dira auzotarrak aurrena meza eta prozesioa egiteko, eta ondoren, jan-edana.

Azpeitiko Aratzerrekan ere goiz partean hasi da festa, eta 20:00etan amaituko dituzte sanisidroak, atxurraren jaitsierarekin.

Getariako Meaga auzoan ere iluntzean amaituko da festa, Izer eta Alabierren musika alaiarekin erromeria eginez. Aurrez, eguerdian, meza eta prozesioa izan dituzte, baita txakolin dastaketa eta txerriki errea ere.