Akitaniako blonda ganadu txapelketan emaitza bikainak lortu dituzte Eizmendi eta Longa ganadutegiek

Nerea Uranga 2023ko mai. 16a, 10:38
Eizmendi eta Longa baserrietakoak, Eizmendi baserriko Nekane behiarekin eta haren txahalarekin.

Maiatzaren 13an eta 14an egin dute Bordelen blonda arrazako ganadu txapelketa, eta bertan parte hartu dute Azpeitiko Idoia Esnaolaren Eizmendi baserriko ganadutegiak eta Orioko Jose Angel Zendoiaren Longa baserriko ganadutegiak.

Bordelen Akitaniako Aquitanima nekazaritza feriaren barruan, blonda arrazako ganadu txapelketa jokatu da, maiatzaren 13an eta 14an. Azpeitiko Eizmendi baserriko Idoia Esnaolaren ustiategiak eta Orioko Longa baserriko Jose Angel Zendoiaren ustiategiak parte hartu zuten txapelketan, eta emaitza bikainak lortu dituzte.

Bi ganadutegien artean hamar buru eraman zituzten txapelketara, eta Idoia Esnaolaren Nekane behiak txapelketan hiru lehen sari eskuratu ditu: behirik onenarena, 5 urtetik gorako txahaldun behien sailekoa eta txahaldun behien sail orokorrekoa. Sari horiez gainera, ukuilurik onenaren saria ere lortu du Eizmendi baserriak Bordeleko txapelketan.

Sari horiez gainera, bigarren eta hirugarren sariak ere jaso dituzte Eizmendik eta Longak. Azpeitiko ganadutegiak bigarren bi sari lortu zituen, Regina bigarekin 24 eta 36 hilabetekoen artean, eta Olaia behiarekin 4 eta 5 urteko behien sailean. Hirugarren bi sari ere eskuratu zituen Eizmendi baserriak, Laia behiarekin txahalik gabeko 5 urtetik gorakoen artean eta Olibiarekin 5 urtetik gorako txahaldun behien sailean. Longak, berriz, hirugarren saria eskuratu zuen Sara bigarekin 1 eta 2 urte bitarteko bigen sailean.