Osakidetzako langileek grebara joko dute bihar eta etzi

Ane Olaizola 2023ko mai. 17a, 11:00
Azkoitiko anbulatorioko langileak protestan, iazko abenduan. (Andoni Elduaien)

Osakidetzaren "desegitea" eta hango langileen "prekarietatea" salatzeko, bi eguneko greba deitu dute ELA, LAB, Satse, SME, CCOO eta UGT sindikatuek. Osasun zentroek adierazi dute egunean bertan jakingo dutela zenbaterainoko eragina izango duen grebak Lehen Arreta zerbitzuan.

ELA, LAB, Satse, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, greba egingo dute Osakidetzan bihar eta etzi, Osakidetzaren "desegitea" eta hango langileen baldintza "prekarioak" salatzeko asmoz.

Grebaren deitzaileek berretsi dute Lehen Arretaren "desegitea" eta gainerako arreta mailen "prekarietatea" egiazkoa dela: "Osakidetzako langileek gero eta baldintza prekarioagoetan egiten dute beren lana, eta gero eta prekarioagoa da herritarrei eskaintzen zaien arreta ere".

Osakidetzako langile ia erdiak behin-behinekoak direla azaldu dute sindikatuek, eta horrek hainbat ondorio dituela haiengan: "EPEa bata bestearen atzetik egiteaz gain, ez dute gutxieneko egonkortasunik kontratuetan; lanpostu asko hutsik uzten dira erretiroen ondoren; ez dira bajak eta bestelako absentziak betetzen; lan-gainkarga sistematikoa dago kategoria guztietan; hautaketa-prozesuak solapatu egiten dira, eta, ondorioz, langileak aldi berean hainbatetan daude murgilduta". Horri aurre egiteko, sindikatuek Osasun Sailari eskatu diote 18-19 EPEa ebatzi dezala, 2020-21-22 EPEko azterketak egin aurretik. Azken horretan, meritu lehiaketa-fasea ebatzi dezala galdegin dute, oposizio-lehiaketaren aurretik. Horrez gain, urtebetetik gorako behin-behineko kontratu guztiei kodea ematea eta haren plangintza zehatza egitea proposatu dute, langileen behin-behinekotasuna
%8tik behera jaisteko asmoz.

Lehen Arreta, "bereziki larri"

Era berean, Lehen Arretaren egoera "bereziki kezkagarria" da sindikatuen ustez, eta Osasun Sailari leporatu die zerbitzu horretan murrizketak egin izana. Hori hala, sail horri galdegin die Lehen Arretarako inbertsioa handi dezala, "kalitatezko arreta presentziala" berma dadin.

Mahai Sektorialak "erabat blokeatuta" jarraitzen duela azaldu dute grebara jo duten sindikatuek, eta haiek proposatutako gaiak negoziatzeari "uko egin" izana egotzi dio Osasun Sailari. Horren aurrean, Mahai Sektorialeko sindikatuek mahaira joateko eta egindako planteamenduei erantzuteko eskatu diote Gotzone Sagardui Osasun sailburuari.

Azken hilabeteetan egindako zenbait mobilizazioen ostean egingo dute bi egunez greba Osakidetzan. Grebak eragina izan dezake eskualdeko anbulatorioetan, baina osasun zentroek adierazi dute egunean bertan jakingo dutela zenbaterainoko eragina izango duten lanuzte horiek lehen arreta zerbitzuan.