Orioko hilketa matxista salatzeko protestak deitu dituzte herriz herri

Nerea Uranga 2023ko mai. 17a, 12:35

Orioko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeko deialdiak egin dituzte gaurko eta biharko udalek nahiz mugimendu feministako eragileek.

Gizon batek emakume bat hil zuen atzo arratsaldean, Orion. Mugimendu feministako eragileek, udalek nahiz bestelako erakundeek hilketa salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte egun hauetarako herriz herri.

Orioko mugimendu feministak elkarretaratzera deitu du gaur, asteazkena, 19:00etan, udaletxearen aurrean. Deialdi horrekin bat egin dute Orioko Udalak eta Eudelek. Eudelek gaineratu du gaitzezpen deialdi guztiekin bat egiten duela, eta elkartasuna adierazi die biktimaren senideei eta gertukoei.

Elkarretaratzeen deialdiak:

Gaur, asteazkena:

  • Orion, 19:00etan, udaletxearen aurrean, Orioko Udalak deituta.
  • Zestoan, 19:30ean, plazan, Itaiak deituta.

Bihar, osteguna:

  • Aizarnazabalen, 20:00etan, udaletxearen aurrean, Urola Kostako Mugimendu Feministak eta Euskal Herriko Mundu Martxak deituta.
  • Azkoitian, 12:00etan, herriko plazan. Azkoitiko Udalak deitu du elkarretaratzera, hilketa matxista "irmo" gaitzesteko. Bost minutuko isilunea egingo dute, biktimaren familiari eta hurbilekoei elkartasuna adierazteko.
  • Azpeitian, 18:30ean, herriko plazan, Itaiak deituta.
  • Errezilen, 19:45ean, Goiko plazan, mugimendu feministak deituta.
  • Getarian, 19:30ean, herriko plazan, Urola Kostako Mugimendu Feministak eta Euskal Herriko Mundu Martxak deituta.
  • Zarautzen: 12:00etan, udaletxearen aurrean, bost minutuko isilunea, Zarauzko Udalak deituta. 18:30ean, Lege Zaharren enparantzan, Urola Kostako Mugimendu Feministak eta Euskal Herriko Mundu Martxak deituta. 18:30ean, Lege Zaharren enparantzan, Urola Kostako Itaiak deituta.
  • Zumaian, 19:00etan, Saregile plazan, Urola Kostako Mugimendu Feministak eta Euskal Herriko Mundu Martxak deituta.