Osakidetzako langileek bat egin dute sindikatuek deitutako grebarekin

Juan Luis Romatet 2023ko mai. 18a, 17:00
Elkarretaratzea Zumaiako osasun zentroaren aurrean.

Bi eguneko greba deitu dute Osakidetzan ordezkatuta dauden sindikatuek. Gaur izan da lehen eguna eta bihar egingo dute bigarrena. 

Osakidetzaren "desegitea" eta hango langileen baldintza "prekarioak" salatzeko asmoz, bi eguneko greba deitu dute ELA, LAB, Satse, SME, CCOO eta UGT sindikatuek. Hauen arabera, Lehen Arretaren "desegitea" eta gainerako arreta mailen "prekarietatea" egiazkoa da: "Osakidetzako langileek gero eta baldintza prekarioagoetan egiten dute beren lana, eta gero eta prekarioagoa da herritarrei eskaintzen zaien arreta ere".

Osakidetzan lan egiten duten 37.000 lagun daude gaur eta bihar grebara. Sindikatuek nabarmendu dute deialdiak "erantzun ona" izan duela, oro har, eta parte hartzea %50era heltzen ari dela. "Oihartzuna oso handia izan da, batez ere lehen mailako arretan; horrek erakusten du zer-nolako larritasuna daukaten arreta maila horretako langileek", adierazi dute sindikatuetako kideek. "Lantaldea nazkatuta eta nekatuta dago; eta ikusten ari dira beren eskubideak urratzen ari direla", gaineratu dute.

Eskualdeko osasun zentroetako langile ugarik egin du bat grebarekin. Azkoitian, esaterako, anbulatorioko langileen erdiak baino gehiagok jo du grebara. Azpeitian, berriz, lantaldearen herenak inguru egin du greba. Izan ere, sindikatuak kexu dira osasun zerbitzuak jarri dizkieten gutxieneko zerbitzuekin: jaiegunetako martxan jardungo dute erietxeek eta osasun zentroek. Zumaian, aldiz, elkarretaratzea egin dute langileek eta herritar batzuek, eguerdi partean, osasun zentroaren aurrean. Zarautzen ez dute daturik eman, baina bertako osasun zentroko sail batzuetan, administrazioan eta medikuen artean, esaterako, parte hartze handia izan dutela adierazi dute.

Gaur bezala, bihar ere greba egitera deituta daude Osakidetzako langileak.