Eskualdeko eskuzko taldeek aurrera egin dute Herriartekoan

Andoni Elduaien 2023ko mai. 24a, 09:51

Eskuzkoan, txapelketan izena eman duten hiru herriek egin dute aurrera: Azkoitiak, Azpeitiak eta Zestoak. Azkoitiak eta Zestoak aurrera egin dute gomazko paleta txapelketan, baina Donostiak Zarautz kaleratu du. Azpeitia, berriz, pala txapelketatik kanpo gelditu da.

Eskualdeko herriek Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren lehen kanporaketako partidak jokatu dituzte azken bi asteburuetan, eta denetariko emaitzak izan dira. Eskuzkoan, Azkoitiak, Azpeitiak eta Zestoak aurrera egin dute. Gomazko paletakoan, Azkoitia eta Zestoa sailkatu dira, baina Zarautz eta Zumaia ez. Aldiz, Azpeitia pala txapelketatik kanpo gelditu da.

Azkoitiak eta Azpeitiak garaipen zabalak eskuratu dituzte eskuzko final zortzirenetan. Azkoitiak sei eta huts menderatu du Aduna, eta emaitza berberarekin egin du final laurdenetarako urratsa Azpeitiak, Larraul kaleratuta. Adunan, Azkoitikoek kadeteetan 3-22, gazteetan 12-22 eta nagusietan 17-22 irabazi zuten. Azkoitiko itzulerakoan ere hirurak irabazi zituzten; 22-6 kadete mailan, 22-21 gazte mailan eta 22-9 nagusietan. Azpeitiko pilotariek erraztasun handiagoarekin kaleratu dute Larraul: joanekoan, 12-22 irabazi zuten kadeteetan, 6-22 gazteetan eta 20-22 nagusietan. Azpeitian jokatutako itzulerako partidetan, 22-2 irabazi zuten Azpeitikoek kadeteetan, 22-11 gazte mailan eta 22-8 nagusietan.

Ordea, kalkulagailua eskuetan ibili behar izan dute Zestoan. Tolosa izan dute arerio Abantzu elkartekoek, eta Gurutzeaga pilotalekuan jokatutako joaneko partidetan Tolosakoek hartu zuten abantaila. Kadete mailan, 20-22 irabazi zuen Tolosak, 22-12 nagusitu zen gazte mailan Zestoa, eta 13-22 lortu zuen garaipena Tolosak nagusietan. Gainera, Zestoak 55 tanto egin zituen, eta 56 Tolosak. Dena den, Zestoako pilotariek Tolosan irauli zuten kanporaketa. Kadete mailan, 19-22 irabazi zuten Abantzu elkartekoek, eta 6-22 gazte mailan. Aldiz, nagusietan Tolosak irabazi zuen, 22-9. Partidetan hiruna berdinduta, tantoei erreparatu behar izan diete final laurdenetarako sailkapena erabakitzeko. Zestoak, guztira, 108 tanto egin ditu, eta 103 Tolosak; beraz, bost tanto eskasengatik, Zestoak lortu du final laurdenetan sartzea.

Azkoitia eta Zestoa, bai

Gomazko paletako Herriarteko Txapelketaren kanporaketak ere jokatu dituzte azken bi asteburuetan eskualdeko herriek. Azkoitiak, Zarautzek, Zestoak eta Zumaiak parte hartu dute aurtengo txapelketan, eta hain justu, Azkoitiak eta Zestoak egin dute aurrera.

Azkoitiak Deba izan du aurkari, eta kanporaketa hiruna berdindu badute ere, tanto kopuruagatik lortu dute Azkoitikoek aurrera egitea. Oteiza elkarteko palistek, iazko txapeldunek, bat eta bi irabazi zuten Deban: 10-20 irabazi zuten kantxa osoko buruz burukoan, eta 7-20 zazpi koadroren barruan. Debak 20-10 irabazi zuen binakakoan. Azkoitian, Debak lortu zuen garaipena. Azkoitiko palistek kantxa osoko buruz burukoan lortu zuten puntua, 20-5 irabazita. Debak, ordea, binakakoan 7-20 irabazi zuen, eta zazpi koadroren barruan, 11-20.

Bestalde, Zestoa Zumaia baino gehiago izan da. Zestoakoek etxean bideratu zuten kanporaketa. 20-10 irabazi zuten kantxa osoan, 20-16 binakakoan eta 20-17 zazpi koadroan. Zumaian, berriz, 10-20 nagusitu ziren Zestoakoak kantxa osoan, 8-20 binaka eta 19-20 zazpi koadroan.

Zarautz izan da gomazko paletako txapelketan parte hartu duen eskualdeko beste herria, baina Donostiak sendo irabazi du kanporaketa. Zarautzen bat eta bi nagusitu zen Donostia: 5-20 irabazi zuten Donostiako palistek kantxa osoko buruz burukoan eta 11-20 zazpi koadroren barruan. Binakako partida irabazi zuten Zarauzkoek (20-16). Itzulerakoan, ordea, Donostiak hiru partidak irabazi zituen: 20-5 kantxa osoko buruz burukoan, 20-16 binaka eta 20-1 zazpi koadroan.

Palista azpeitiarrak, kalera

Aurtengo Herriarteko Txapelketan Azpeitia izan da pala modalitateko ordezkari bakarra, baina Debak egin du aurrera. Azpeitian, partida bana irabazi zuten bi herriek. Etxekoek larruzko paletan lortu zuten garaipena (35-28), baina pala motzean Debakoek (27-40). Itzulerakoa Deban jokatu zuten, eta han etxekoak nagusitu ziren; larruzko paletan 35-24 eta pala motzean 40-24 irabazi zuten. Horrenbestez, Azpeitikoak txapelketatik kanpo gelditu dira.

Aurrera egin duten taldeek datorren asteburuan jokatuko dituzte final laurdenetako partidak, nola eskuzko txapelketan, hala gomazko paletakoan. Eskuz, Azkoitia-Oiartzun, Azpeitia-Amezketa eta Zestoa-Andoain dira kanporaketak. Gomazko paletako bi kanporaketak, berriz, hauek dira: Azkoitia-Donostia eta Zestoa-Hernani.