Bat eginda, ikus ditzaten

Mailo Oiarzabal (Gipuzkoako Hitza) 2023ko mai. 26a, 10:46
Auto lasterketetan dabiltzan emakumeak, Goierriko Rallysprintean. (Emakumeak Automobilismoan)

Ez dira gutxi lau gurpilen gaineko probetan aritzen diren emakumeak; are, gero eta gehiago dira. Emakumeak Automobilismoan sortu dute, beren jarduna ikusgai egiteko. Talde berriko kideekin –Ane Lazkano azpeitiarra eta Alazne Apalantza errezildarra, tartean– hitz egin du Mailo Oiarzabalek Gipuzkoako Hitza astekariko erreportaje honetarako.

Kirol gehientsuenak dira edo izan dira oraintsu arte gizonen eremu, eta badaude bereziki gizonenak eta ia emakumeen presentziarik gabekoak direnak. Automobilismoa da horietako bat. Bai, behintzat, kanpotik begiratuta. Barruan, aspalditik dabiltza emakumeak. Txikia eta nolabait bigarren mailakoa izan da haien presentzia, baina automobilismoan ere handitzen ari da emakumeen presentzia. Emakumeak Automobilismoan talde sortu berria da horren erakusgarri.

Iazko abenduan Euskal Automobilismo Federazioak (EAF) berdintasun batzordearen gainean hitz egiteko antolatutako bilera bat izan zen talde berriaren ernamuina. Dozena bat emakume elkartu ziren han. "Lehen aldia zen halako kontu bat zela medio federatutako emakumeok bildu ginena. Haritik tiraka, berriro elkartzeko deia egin genuen, agerian baitzegoen zerbait egiteko edo bultzatzeko gogo eta ilusio handia zegoela taldean", esan du Ane Lazkano egiaztatzaile tekniko azpeitiarrak.

Egun, berrogei kide ditu Emakumeak Automobilismoan taldeak, eta "zorionez, etengabe handitzen" ari dira. Eraginkortasuna bermatzeko, bost kideko talde eragilea ere osatu dute. Lazkano da talde horretako kideetako bat, eta kopilotuak dira beste laurak: Oihane Uranga (Markina-Xemein, Bizkaia), Alazne Apalantza (Errezil), Maria Aranberri (Azpeitia) eta Nagore Hidalgo (Legazpi). "Taldeari muga bat jartzearren, EAFn federatuta gaudenak elkartzeko ideiarekin hasi ginen, baina eremua gehiago zabaltzea da asmoa, emakume askok inguruko erkidegoetan ere parte hartzeko joera dutelako". Adinari, lurraldeari eta esperientziari dagokienez, askotariko emakumeak daude taldean, eta hori "oso aberasgarria" da, Urangaren ustez.

"Nahiz eta historikoki emakumea kirol honetan aritu den, gaur egun oraindik emakume bat autotik irtetean edo podiumean ikustean 'Hara! Neska bat!'' eta halako esaldiak entzuten dira. Gure lantokietan, gure seme-alabekin gauden giroetan, oraindik asko harritu egiten dira gure afizioa aipatzean", dio Apalantzak.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.