Gasteizko hilketa matxista salatu dute eskualdeko hainbat herritan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mai. 31a, 09:43

Mugimendu feministak uste du indarkeria matxistak "ez duela etenik izango gizartea egituratzen duen matxismoa amaitu arte". Hala, erasotzaileei aurre egitea "jendarte guztiaren ardura" dela gogorarazi du.

Gasteizen 32 urteko emakumezko baten hilotza aurkitu zuten igandean apartamentuen hotel bateko logela batean, bortxa zantzuekin. Ertzaintzak adierazi duenez, indarkeria matxista gisa ikertzen ari dira kasua, eta haren bikotekide ohia atxilotu dute Zaragozan. Bi asteren barruan Euskal Herrian gertatzen den bigarren hilketa matxista da. Hori salatzeko protestak egin dituzte eskualdeko hainbat herritan. Astelehen arratsaldean Azkoitian, Azpeitian, Zarautzen eta Zestoan gaur egingo dituzte elkarretaratzeak. Atzo, berriz, Aizarnazabalen, Errezilen Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian egingo dute protesta, Mugimendu Feministak deituta.

Orioko elkarretaratzearen ondoren, herriko mugimendu feministak kasuaren irakurketa egin zuen eta azaldu du kasu honetan "indarkeria patriarkalak hainbat dimentsio" izan dituela, "umeen kontrako biolentzia" ere gertatu delako, hain zuzen ere. Izan ere, "Maialen, erail duten emakumea, haurdun zegoen, eta berarekin zegoen hiru urteko semea ere, bikotekide ohiak erail zuenean. Beraz, bere umea ere indarkeria matxistaren zuzeneko biktima da ", azaldu dute.

Horrez gain, mugimendu feministako kideek uste dute epaitegiei eta Ertzaintzari "indarkeria matxistarekin amaitzeko estrategia integral osoa falta" zaiela. "Maialen Valentzian (Herrialde Katalanak) bizi zen orain dela gutxi arte eta bertan muturreko arrisku biktima gisa katalogatuta zegoen eta haren hiltzaileak berarekiko urruntze agindua zuen ezarrita. Euskal Herrira bueltatu zenean, ordea, Ertzaintzak arrisku kategoria oinarrizko kategoriara jaitsi zion", salatu dute.

Orioko mugimendu feministak "elkartasuna" adierazi die Maialenen familiari eta lagunei, eta "nazkatuta" daudela ozen aldarrikatu dute. Uste dute indarkeria matxistak "ez duela etenik izango gizartea egituratzen duen matxismoa amaitu arte". Hala, erasotzaileei aurre egitea "jendarte guztiaren ardura" dela gogorarazi dute.

Getariako argazkiak: Artzape