TAO zerbitzua bihartik izango da indarrean kostan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 31a, 11:15
Zarauzko udako TAO zerbitzua iragartzen duen kartela (Aritz Mutiozabal)

Udako denboraldia dela eta indartuko dute aparkalekuak arautzeko sistema eta Getaria, Orio eta Zarautz izango dira lehenengoak. Zumaian, berriz, bi aste barru egingo dute.

Urola Kostak bisitari ugari erakarri ohi ditu uda sasoian, eta, ondorioz, autoz betetzen dira herriak. Horrek aparkatzeko arazoak areagotzen ditu, eta, horri aurre egiteko, TAO zerbitzua eta egoiliarrei zuzendutako guneak indartzen dituzte udalek; kostaldean, batez ere. Bada, Getarian, Orion eta Zarautzen bihar bertan abiatuko dute udako TAO zerbitzua.

Hala, Getarian, ohiko zonaldeetan jarriko dute martxan TAO sistema iraila amaitu arte: hondartza, moila eta portu inguruan, hain zuzen ere, 10:00etatik 20:00etara.

Orion ere ordutegi bera izango dute, baina irailaren 15era arte iraungo du zerbitzuak. Udaldiko TAOk egonaldi luzeko eremuei eragingo die; izan ere, errotazio handiko eta egonaldi laburreko eremuetan urte osoko ordutegiei eutsiko zaie. Bestela esanda, egoiliarrak ez direnek egunero ordaindu beharko dute bihartik aurrera ibilgailua hondartza aldean, Abaromendin, Autobide Azpian edo Munton uzteagatik.

Zarautzen izango da berritasun gehien. Izan ere, prezioei eutsiko zaien arren, aurten ezingo da ibilgailurik utzi Messileko aparkalekuan, Salberdin hegoaldeko etxebizitzak eraikitzeko lanak direla eta. Eguzki Izarrako partzelan ere gauza bera gertatuko da, baina udalak adierazi duenez, dagoeneko ari dira lanean uda honetan Hegoalden 400 ibilgailu hartzeko edukiera izango duen aparkalekua ahalbidetzeko. Tarifa berdekoa litzateke gunea, eta 09:00etatik 20:00ak artekoa ordutegia, herri osoan bezalaxe. Irailaren 30a arte iraungo du Zarauzko TAO zerbitzuaren udako denboraldiak eta Herrikosoro kalea ere gune berdea izango da aurrerantzean. Ondorioz, tarifa murriztu izango du. Halaber, disuasioko aparkalekua ahalbidetu du udalak Astin bisitariek bertan utzi ditzaten beren ibilgailuak, herrira sartu beharrik gabe.

Zumaia salbuespena

Zumaia izango da eguneroko TAO zerbitzua beranduen abiatuko duen kostaldeko herria: ekainaren 15etik aurrera egingo du, eta aparteko berritasunik gabe. Dena den, udalak ohartarazi du egoiliarrek txartelak berritu beharko dituztela zerbitzua indarrean sartu aurretik, eta horretarako egunotan postontzian jasoko duten agiria ordaindu beharko dutela. Ekainaren 9a izango da horretarako azken eguna.

Kostan ez ezik, barrualdeko hainbat herritan ere badarabilte TAO sistema aparkalekuak arautzeko. Udari begira, ordea, Azkoitian soilik izango da aldaketarik. Plazaberrin eta Aizkibel kalean aparkatzeko tiketa jarri behar izaten dute herritarrek ordutegi mugatuarekin, baina abuztuan ez dute halakorik egin beharko.