Herri kiroletako urrezko sei final jokatuko dituzte igandean Azpeitian

Nerea Uranga 2023ko eka. 1a, 13:52
Herri kiroletako urrezko txapelketen aurkezpena atzo, udaletxean. (Nerea Uranga)

Urrezko Aizkolarien 26. Banakako Txapelketako lau final eta Urrezko Harri Jasotze Txapelketako bi final jokatuko dituzte igandean, 12:00etan, Izarraitz pilotalekuan. Txapelketa berriak eta marka saiakera bat ere jokatuko dira igandeko herri kirol jaialdian. Banakako urrezkoen mailan Julen Alberdi Txikia IV.a, Mikel Larrañaga eta Iker Vicente lehiatuko dira.

Herri kirolak hartuko ditu Izarraitz pilotalekuko kantxak datorren igandean, 12:00etatik aurrera. Aizkorako lau final jokatuko dituzte Urrezko Aizkolarien 26. Banakako Txapelketa Eusko Label sarian, Urrezko Harri Jasotze Txapelketako bi final izango dira, eta harri jasotzeko marka saiakera egingo du Maddi Gesalagak. Jaialdiaren barruan berrikuntzak izateaz gainera, sarrera bakoitzeko Errioxako ardo botila bana jasoko dute ikusleek. Sarrerak egunean bertan salduko dituzte Izarraizko leihatilan, 25 euroan.

Urrezko aizkolarien mailako finala iazko txapeldun Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak, Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Iker Vicente otsagabiarrak (Nafarroa) jokatuko dute. Alberdik bi urtez du irabazita urrezko aizkorako txapelketa, baita Vicentek ere; azken horrek, ordea, 2019an irabazi zuen azkena.

23 urtez azpikoen aizkora txapelketa Hodei Ezpeletak (Eibar, Gipuzkoa), J. Urretabizkaia Basozabal-ek (Donostia) eta Xuban Kañamaresek (Aroztegi, Nafarroa) jokatuko dute. 18 urtetik beherakoen txapelketan lehiatuko diren hiru aizkolariak gipuzkoarrak dira: Igoin Pikabea hernaniarra, Unai Etxeberria Osinalde ezkiotarra eta Kimetz Oñederra Aittola debarra.

Hainbat urtean jokatu gabeko aizkora txapelketa bat berreskuratu dutela azaldu du Luis Mari Bengoa Egur Sporteko antolatzaileak, 15 urtez azpiko mutilena, hain zuzen ere. Txapelketa hori behin bakarrik jokatu izan dute orain arte, 2011ko denboraldian, eta orduan Iker Vicentek irabazi zuen txapela. Igandean, maila horretako lehia Jakes Iruretagoiena Izeta V.a zarauztarrak, Jon Zaldua zumarragarrak (Gipuzkoa) eta Unai Romairone espainiarrak jokatuko dute.

Harri jasotzean berrikuntzak

Urrezko Harri Jasotze Txapelketan ere izango dira berrikuntzak igandean Izarraitzen; alegia, Binakako Emakumeen Harri Jasotze Txapelketan ariko dira nor baino nor Karmele Gisasola Zelai III.a mallabiarra (Bizkaia), Ainitze Zumeta eta Lierni Osa zarauztarrak nahiz Lucia Orbe bilbotarra. Bestalde, Maddi Gesalaga 14 urteko harri jasotzaile zarauztarrak ehun kiloko bi harriak jasotzeko erronkari helduko dio. Bengoaren arabera, "oraindik marka hori lortu duen adin horretako emakumerik ez da". Marka saiakeraren kontrola Herri Kiroletako Euskal Federazioko epaileek egingo dute.

Hiru Hamarreko Harri Jasotze Txapelketa ere jokatuko dute igandean Paulo Azpiazu osintxuarrak (Bergara, Gipuzkoa) eta Xabat Olaizola nahiz Mikel Lopetegi Urra zarauztarrek. Harri errektangularra, zilindroa eta bola izango dira altxatu beharreko harriak.