Pilota eta bertsolaritza uztartzen dituen Udaberri torneoaren finala jokatuko dute Agirre eta Orbegozo pilotariek

Nerea Uranga 2023ko eka. 1a, 16:01
Finalaren aurkezpenean Naroa Agirre (ezkerretik bigarrena).

Udaberri Torneoko finalean talde berean ariko dira Naroa Agirre arroarra eta Oihana Orbegozo azpeitiarra. Haiekin batera, Kukuprakak taldea osatuko dute Iturriaga pilotariak eta Aitor Sarriegi bertsolariak. Finala Beasaingo (Gipuzkoa) Antzizar pilotalekuan jokatuko dute bihar, ostirala, 19:00etan.

Bertsoa eta pilota lotzen dituen Udaberri Torneoa bukaerara iritsi da, bihar jokatuko dute finala, 19:00etan hasita, Beasaingo Antzizar pilotalekuan. Hiru pilotarik eta bertsolari banak osatutako lau taldek parte hartu dute txapelketan. Maiatzaren 5ean hasi zuten Udaberri Torneoa, eta sei jaialdik osatu dute txapelketa. Naroa Agirre arroarrak eta Oihana Orbegozo azpeitiarrak talde berean jokatu dute txapelketa, Iturriaga pilotariarekin eta Aitor Sarriegi bertsolariarekin Kukuprakak taldea osatuta, eta finalerako txartela lortu dute. Bitxiloreak taldearen (Etxebeste, Etxekolenea eta Ruiz de Infante pilotariak eta Nerea Elustondo bertsolaria) kontra jokatuko dute bihar.

Finalerako sarrerak bost euroan salduko dituzte, eta haurrek doan sartzeko aukera izango dute. Finala bertatik bertara ikusi ezin dutenentzat Berria.eus-en eta Hamaika telebistan zuzenean eskainiko dute.