Hitzordu garrantzitsua izan zuten atzo Donostiako uretan arraunlariek: Kontxako Bandera. Gorka Aranberri patroi zarauztarrak, Jon Etxaniz azpeitiarrak eta Jon Unanue azkoitiarrak astindu zuten Kontxako Bandera, Urdaibaiko traineruarekin. Orioko traineruak, berriz, Donostiatik esku hutsik itzuli baziren ere, pozik eta konforme agertu ziren egindako lanarekin.
Nagusitasunez irabazi zuen atzo Urdaibak Kontxako Bandera, bere historiako zazpigarrena. Lehen jardunaldian bezalaxe estropada irabazi zuen atzokoan ere Bou Bizkaia ontziak eta Aranberri taldeko patroi zarauztarrak azaldu zuenez asmo horrekin atera ziren hasieratik, estropada irabaztea beharrezkoa izango zelakoan bandera Bermeora eramateko. Dena den, Aranberrik aitortu zuen "uste baino errazago" hartu zutela bentaja dezentea ohorezko txandako aurkariekiko.
Urdaibaik lehenengo txandan aritu zen Zierbenarekin izan zuen lehia estuena atzokoan. Zazpi segundoko aldea atera zion lehenengo estropadan, eta atzokoan Zierbenaren lehen lehen luzea Bermeokoena baino hobea izan bazen ere, amaieran hiru segundoko aldeaz irabazi zuen Bou Bizkaiak. Hori horrela, azkenean, 11 segundoko aldea atera zion sailkapen orokorrean.
"Zierbenak markatutako denborari begira, estutzen-estutzen joan behar izan dugu, bukaerara arte estutu dugu, eta estropada irabaztea lortu dugu. Hemen miraririk ez da izaten: ohorezko txandan gauden laurok eta Zierbena, aurreneko bostak, sailkatu gara banderako borrokan. Aurreneko igandean diferentziak estuago egoten dira, baina bigarrenean tarteak handitzen joaten dira, eta estropada oso-oso on bat eginda, irabazi egin dugu", nabarmendu zuen pozarren Aranberrik. Etxaniz ere ados agertu zen taldekideak esandakoarekin: "Ondo atera gara, eta hasieratik tarte pixka bat atera dugu, eta sufrituta, baina ez diegu besteei gerturatzen utzi, eta ondo". Etxanizek azaldu zuen, bestalde, Zierbenaren erreferentziarik gabe ateratzeak beraien lana egiten lagundu ziela. "Ederra" da horrelako talde batean egotea Etxanizentzat; bigarren Kontxa izan zuen atzokoa azpeitiarrak, 2021ean Santurtzirekin irabazitakoa baita.
Atzokoarekin Kontxako Bandera zortzigarrenez irabazi du patroi zarauztarrak eta gero eta gertuago du bederatzi irabazi zituen Aita Manuelen marka. Dena den, aurretik baditu zeregin gehiago; izan ere, aurtengo Eusko Label liga oraindik ez du amaitu. "Orain [igandea] Kontxa ospatuko dugu, bihar errekuperatu, eta asteartetik aurrera Ligan pentsatzen hasiko gara: ondo bideratuta dugu, eta aprobetxatu egin behar dugu", adierazi zuen Aranberrik. "Pixka bat ospatu, eta ea datorren astean Eusko Label ligari amaiera eman eta hura ere irabazten dugun, hortxe daukagu aukera eta", gaineratu zuen Etxanizek.
Orio, zaleez "harro"
Oriotarrei dagokienez, bandera etxera ekartzea lortu ez bazuten ere, lan bikaina eginda itzuli ziren arraunlariak herrira. Ohorezko txandan lehiatu ziren bata zein bestea eta, emakumezkoen traineruak hirugarren amaitu zuen sailkapen nagusian; gizonezkoak, berriz, bostagrren.
Emaitzarekin gustora daudela azaldu zuen Ane Arruti arraunlariak, gustoko kalea egokitu zitzaien eta "ilusio eta motibazio askorekin" uretaratu ziren: "Aurreko astean ateratako lau segundoko alde horrekin gai ikusten ginen garaipena lortzeko". Oriotarrek hasiera ona izan zuten estropadan, baina banderaren irabazle izan zen Arraun Lagunak berehala hasi zen aurrea hartzen eta gainontzeko taldeekiko aldea handitzen: "Arraun Lagunak hasieratik gehiago izan zen, oso estropada ona egin zuten eta ezin izan genuen ezer egin".
Era berean, Jon Lizarralde, ‘Altxerri’ Orioko arraunlariak ere, egindako lanarekin konforme daudela azaldu zuen: "Balorazio nahiko ona egiten dugu, dena eman dugu, eta dena eman duen bati ezin zaio ezer aurpegiratu". Udak izan duen zailtasuna eta gero, "maila nahiko duina" erakutsi dutela iritzi zion Lizarraldek, eta bermeotarrak zoriondu nahi izan zituen "gidoitik atera direlako".
Kontxako Banderaren emaitzak, ordea, ez ziren atzoko gauzarik garrantzitsuenak izan, herriko arraunlariek jaso zituzten animoak ikusita. Estropada aurretik arranpla kolore horiz bete zuten Orioko zaleek; txaranga ere bertan izan zen taldeak animatzeko eta Mirotzak abestia jotzeko tartea ere izan zuten. "Afizioarekin zoratzen gaude, oso egun polita eta gozatzekoa izan da", azaldu zuen Arrutik. Afizioari dagokionean Arrutirekin bat agertu zen Lizarralde, eta bi asteburuetan jasotako harrera eta animoen ondoren "harrotasun osoz Kontxa horia" dela eta beraien zaleek "parekorik ez" dutela azpimarratu zuen Orioko arraunlariak. Jasotako berotasun guztia banderarekin eskertzea zen Orioko arraunlarien nahia, eta helburua guztiz bete gabe itzuli badira ere, datorren urtean berriz ere bandera hori etxera ekartzen saiatuko direla garbi utzi nahi izan zuen Lizarraldek, "herritarrek hori eta askoz ere gehiago merezi dute eta".