Zinema aretoak, ikusleen zain

Maria Maya Manterola 2023ko ira. 13a, 09:19
Zumaiako Aita Mari aretoa, ikusleak hartzeko prest.

Udako atsedenaldiaren ondoren, zabaldu dituzte berriz ere eskualdeko zinema aretoak. Film konbentzionalez gain, emanaldi bereziak ere izango dira; zineforuma, esaterako.

Udako oporraldian itxita izan dira eskualdeko zinema areto gehienak, baina ikasturte berriari ekitearekin batera hasiko dituzte emanaldiak. Zinema eskaintza konbentzionalaz gain, saio bereziak ere izango dira zenbait herritan; Zumaian, esaterako, urrian abiatuko dute zineforum denboraldi berria.

Azpeitiko Soreasu antzokian datorren astelehenean hasiko dira emanaldiak eskaintzen. Hil honetarako haurrentzako eta helduentzako bina film programatu dituzte. Haurrentzako emanaldiak igande arratsaldeetan izango dira, 16:30ean hasita; helduentzako saioak, berriz, igandeetan, 19:30ean, eta astelehenetan, 21:00etan. Emanaldi horietarako sarrerak online eskuratu ahal izango dira aurrez, kulturaz.eus helbidean. 

Azkoitian ere datozen egunetan berriz irekiko dute Baztartxo aretoa, oporraldiaren ondotik. Larunbatetik astelehenera bitartean Campeonex filma ikusi ahal izango da, eta igandean Vacaciones de verano ere bai. 

Igaro berri den asteburuan zabaldu zituen berriz ere ateak Zumaiako Aita Marik, Greta Grewigen Barbie filmarekin. Etxeko txikienek, berriz, Superheroien familia filmaz gozatu zuten. Datozen asteetako programazioa sarrerakzumaia.eus webgunean kontsulta daiteke.

Udako atsedenaldia, gainera, aretoan hobekuntza lanak egiteko baliatu du Zumaiako Udalak. Iaz besaulki eta lur berriak ezarri ondoren, eszenatokiko oihala berritu dute oraingoan, eta aurrerantzean ere aretoan hobekuntzak egiteko asmoa erakutsi du Udal Gobernuak.

Film emanaldi konbentzionalak urte osoan eskaintzen dituzte Zarauzko Modelo aretoan. Zentzu horretan, uda sasoian ez du etenik izan eskaintzak. Todos los nombres de Dios eta Ninja turtles: Caos mutante filmak izango dira ikusgai asteburu honetan, eta sarrerak ticket.kutxabank.es atarian eskura daitezke.

Edonola ere, saio originalei atzo ekin zieten, Un verano con Fifi filmarekin. Nazioarteko zinemaldietan saritutako edo aipamena jasotako filmak ematen dituzte saio horietan. 

Zineforuma, urritik

Zumaiako Ostarrena klubak zinema konbentzionaletik kanpo estreinatzen dituzten filmak eramango ditu aurten ere Aita Mari aretora. Urrian ekingo diote denboraldi berriari eta abenduan amaituko dute, Gabonen aurretik. Urriaren 5ean hasita eta bi astean behin, ondorengo filmak emango dituzte: Asteroid City, Cien flores, Las ocho montañas, Upon entry, El regreso de las golondrinas eta Una vida no tan simple.