Joan den ostiral iluntzean, 23:11n, 6,8 graduko lurrikarak Marrakexko (Maroko) hego mendebaldea astindu zuen; Ighil udalerrian izan zen epizentroa, Atlas mendikatean. Al Hauz probintzia izan da kaltetuena, hainbat herrixka erabat suntsituta gelditu dira, eta errepideak itxita, hainbat herri isolatuta geldituz. Marrakex hiriburuan ere izan dira kalteak, batik bat Alde Zaharrean. Marokoko Barne Ministerioak herenegun emandako datuen arabera, gutxienez 2.862 dira hildakoak eta 2.562 pertsona zaurituak.
Urola Kosta eskualdean bizi den marokoarren komunitatea handia da, eta hainbat tokitan kaltetuak izan diren herrikideei laguntza bidaltzeko antolatzen hasi dira, besteak beste, Azpeitian eta Orion.
Azpeitian laguntza biltzeko antolatu duten taldeko kideetako bat da Said El Alaui. "Lurrikararen ondorioz, hainbat herrikide etxerik gabe eta ezer gabe gelditu dira, eta horren aurrean, guk ezin dugu geldirik egon. Beraz, haiei laguntza bideratzeko dirua biltzen hasi gara", dio.
Atzo eguerdirako 1.340 euro bilduta zituzten Azpeitian. "Dirua bakarrik bilduko dugu Marokora bidaltzeko. Ezin dugu elikagaiak, arropa edota mantak biltzen hasi, Marokora bidaltzeko garraioa garestia delako eta aduanan arazoak izan ditzakegulako", adierazi du. Marokora bidalitako dirua kaltetuei laguntzera bideratuko dutela bermatuko dutela azaldu du El Alauik: "Marokon boluntario laguntzen ariko diren herrikideekin hitz egin dugu, eta haiek han dirua elikagaiak, mantak... erosteko erabiliko dute. Gainera, dirua zertan erabiltzen den erakusteko argazkiak-eta aterako dituzte".
Norbaitek laguntza eman nahiko balu, Azpeitiko meskitara zuzendu beharko du edota El Alauirekin harremanetan jarri, 631 05 58 97 telefono zenbakira deituta. Ostirala bitartean bilduko dute laguntza: "Denbora pasatzen ari da, eta ahalik eta azkarren helarazi nahi diegu laguntza kaltetuak izan direnei".
Orioko marokoarren komunitatea ere mobilizatzen ari da. Aste honetan bertan abiatzekoak dira janari eta produktu bilketa Marokoko lurrikaran kaltetuei laguntzeko. Lokala lortzeko bidean dira, eta behin hura izandakoan jakinaraziko dute zer egunetan eta ordutegitan jasoko duten herritarren laguntza. Udalarekin ere harremanetan dira.
Orioko komunitateko inork ez dauka familiarik kaltetutako gunean, baina Orion bizi diren marokoar batzuk herrialdean ziren eta sentitu zuten lurrikara. Gaua kalean pasatu behar izan zuten.