Afagik lau hitzaldi antolatu ditu Zarautzen alzheimerraz kontzientziatzeko

Onintza Lete Arrieta 2023ko ira. 18a, 11:03

Paquita Enbil izena jarri die Zarauzko jardunaldiei, eta asteazken honetan izango dira, hilaren 20an. Jardunaldia amaitzeko antzezlan bat eta kontzertua eskainiko dituzte. Horrez gain, informazio mahaiak jarriko dituzte hainbat herritan, tartean Orion eta Zarautzen.

Alzheimerraren Munduko Eguna izango da irailaren 21a, ostegun hau, eta egun seinalatu horren harira, hainbat ekintza antolatu ditu Afagi elkarteak Gipuzkoa osoan zehar. Horietako batzuk Zarautzen izango dira; zehazki, Paquita Enbil jardunaldiak egingo dituzte asteazkenean, eta ostiralean, berriz, mahai informatiboa jarriko dute.

Mahaia Orion ere jarriko dute, egun bat lehenago, hau da, ostegunean.

Zarauzko jardunaldietan lau hitzaldi eskainiko ditu alzheimerraren kontrako elkarteak gaixotasuna hainbat ikuspegitatik aztertzeko: diagnostikoa, familien laguntza, dolu aurreratua eta estimulazio kognitiboa. Jardunaldiak amaitzeko, antzezlan bat eta kontzertua antolatu dituzte.

Giza katea Donostian

Urtero bezala, Afagik aurten ere giza katera deitu du. Donostian egingo dute hori, larunbatean, hilak 23, eta 12:00etan jarri dute hitzordua, Cervantes plazan.

Aurtengoa, gainera, hamargarren aldia izango da, eta elkarteak azaldu du giza katea egitearen helburua dela "aldarrikatzea zeinen garrantzitsua den lantzea alzheimerraren kontzientziazioa, prebentzioa, detekzioa, diagnostikoa, tratamendua eta dolua".