Emakumeen etxeek prest dute datozen hilabeteetako eskaintza

Nerea Uranga 2023ko ira. 19a, 09:11
Ahalduntze eskoletako saio bat.

Ahalduntze eta jabetze eskoletan ikasturte berriko lehen hiruhileko egitarauak aurkeztu dituzte. Emakumeentzako hainbat zerbitzu ere eskainiko dituzte.

Eskualdeko emakumeen etxeek eta udaletako berdintasun arloek prestatu eta aurkeztu dituzte irailetik abendura arteko ikastaroak, saioak eta ekintzak. Horietan izena emateko epeak ere zabalik daude. 

Ikastaroez gainera, emakumeei zuzendutako hainbat aholkularitza zerbitzu ere eskainiko dituzte zenbait udalerritan.

AZKOITIA

Azkoitiko Udaleko Berdintasun Sailak emakumeak ahalduntzeko ikastaroak antolatu ditu, eta horietan parte hartzeko izen ematea irailaren 26ra arte egongo da zabalik. Abendura bitartean, askotariko sei tailer eskainiko dituzte; gehienak aurreko urteetan eskaini izan dituztenak dira, baina bat berria izango da aurten: zoru pelbikoa indartzeko tailerra. Gainontzeko tailerrak, berriz, honakoak izango dira: erditu ondorengo yoga ikastaroa, batukada feminista, Berdintasuna trikotatzen, xilografia eta Hitz ahalduntzen.

"Ikastaroak emakumeen topaguneak dira, ahalduntzeko guneak, eta horien helburu nagusia elkarrizketari eta hazkunde pertsonalari denbora eskaintzea da, eremu jakin batean trebatzetik edo ezagutza eskuratzetik haratago", adierazi du Azkoitiko Udalak.

Parte hartu nahi duten emakumeek datorren asteartea baino lehen izena eman dezakete berdintasuna@azkoitia.eus edo azkoitia@azkoitia.eus helbideetara idatzita, edota 943-54 20 14  eta 943-08 00 80 telefonoetara deituta. Udaleko Herritarren Arreta Bulegoan ere eman daiteke izena aurrez aurre.

AZPEITIA

Azpeitiko Udalak eta Emakumeen Txokoak ere zehaztu dute ikasturte berrian zer ikastaro eta ekintza eskainiko dizkieten herriko emakumeei, eta horien helburua zein den ere gogorarazi dute: "Emakumeei beren buruen eta bizitzen jabe izateko tresnak eskaintzea, maila pertsonalean eta kolektiboan indartzea, elkarrekin eta elkarrengandik ikastea eta errealitateari ikuspegi feminista batetik begiratzea".

Eskaintza zabala osatu dute, eta izena emateko epea irailaren 29ra artekoa izango da Jabetze Eskoletako ikastaroetan eta noka ikastaroan; gainerakoetan, izena emateko aukerak zabalik jarraituko du taldea osatu arte.

Abendura bitartean, honako ikastaroak antolatu dituzte: skate, eskalada, autoestimua eta ahalduntzea, emakumearen zikloak eta osasun hormonala, Moitu bazterrak! korrika ikastaroa, batukada feminista eta Joskintza eraldatzailea.

Emakumeentzako skate ikastaroaz gainera, bestelako ekintza batzuk ere prestatu dituzte hilaren 30erako Izarraizko Atea skate parkean. 10:30etik 12:30era skateko hastapen ikastaroa eskainiko dute, eta saio praktikoa izango da. Ondoren, parte hartze tailerra –Skate, proposamen feminista– egingo dute, 13:00etatik 14:00etara, Emakumeen Txokoan. Bukatzeko, skater emakume profesionalen erakustaldia izango da, 17:00etatik 18:30era, skate parkean. Erakustaldian zehar, argazki lehiaketa ere egingo dute. Egitasmo horretan parte hartzeko, irailaren 27rako izena eman beharko da.

"Parte hartzerako, sentsibilizaziorako eta integraziorako" saioak ere antolatu dituzte Azpeitiko Emakumeen Txokoan; horiek herritar ororentzat dira. Ahalduntzeaz, erresistentzia eta pribilegioez, atzerriko ikasketen homologazioaz nahiz ahaidetasun feministaz antolatu dituzte hitzaldiak eta saioak.

Ekintzen inguruko informazioa jasotzeko Emakume Txokora (Goiko kale 12, behea ) jo daiteke astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. 943-15 70 55 eta 688 15 10 00 telefono zenbakietara deitu edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera ere idatz daiteke.

ERREZIL

Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitateak eta Errezilgo Udalak pilates ikastaroa antolatu dute urriaren 2tik ekainaren 26ra; astelehenetan izango dira saioak, 15:15etik 16:15era, Borondegin. Nagore Errazkin izango da irakaslea, eta urritik abendura bitartean, hileko 15 euro kostatuko da ikastaroan parte hartzea.

Pilateseko ikastarorako izena emateko epea bihar, asteazkena, bukatuko da. Izena emateko Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitatera zuzendu beharko da, saiaz@saiaz.eus helbidera idatzita edota 646 47 84 14 telefono zenbakira Whatsapp mezua bidalita.

GETARIA

Getariako Udalak hainbat saio antolatu ditu datozen aste eta hilabeteetarako herriko emakumeen artean berdintasunaren gaia lantzeko. Besteak beste, ahalduntze ikastaroa egongo da hamabostero, urri amaieran hasita. Dena dela, oraindik zehazteko dute ordutegia.

Udalak adin desberdinak hartu ditu kontuan; izan ere, gaztetxoentzako da tailerretako bat, eta menopausia jada badutenentzako ekintzetako beste bat. Hain zuzen, gaztetxoentzako hori da neskei eta mutilei zuzendutako bakarra. Gainontzekoak emakumeentzat soilik dira.

Informazio gehiago nahi duenak nahiz horietan izena emateko asmoa duenak udaletxera jo dezake.

ORIO

Inauguratu berri duten Saregile emakumeen etxean udazkenerako hainbat ekintza eta ikastaro antolatu dituzte. Ekintzen artean daude Orioko genealogia feministak dokumentalaren emanaldia, ahalduntze eskolen onuren ikerketaren aurkezpena eta Soilik bai da bai legearen inguruko formakuntza.

Hiru ikastaro ere egingo dituzte Saregilen: Gorputz kontzientetik mugimendura da bat, zoru pelbikoa lantzearena bestea eta ahalduntze digitalari lotutakoa hirugarrena. DBH 4. mailako neska gazteei zuzendutako ikastaroa ere eskainiko dute urritik aurrera. Irakurle taldeak, berriz, hilaren 27an izango du aurreneko saioa.

ZARAUTZ

Zarauzko Emakumeen Etxeak ere abendura bitarterako ikastaroak antolatu ditu. Antolatzaileen esanetan, "kezkak eta esperientziak partekatzea, osasun afektiboa eta emozionala zaintzea edo sareak sortzea" dituzte helburu ikastaroek, besteak beste.

Izena emateko azken eguna datorren ostirala, hilaren 22a, izango da, eta www.emakumeenetxea.zarautz.eus webgunean, Emakumeen Etxean bertan, 943-00 51 36 telefono zenbakira deituta edo emakumeenetxea@zarautz.eus helbidera idatzita eman ahalko da izena. 

Jabetze Eskolaren barruan zazpi ikastaro antolatu dituzte: biodantza, Jainkosa esnatzea, Txi Kung-a, irakurketa eskola, Munduko emakume idazleak, zoru pelbikoaz eta autoezagutzaz, eta noka ikastekoa.

Ikastaroez gainera, bestelako ekintzak ere antolatuko dituzte; esaterako, hilaren 22ko zineforum saioa.

Hainbat zerbitzu ere eskainiko dituzte Zarauzko Emakumeen Etxean: harrera gunea, aholkularitza psikologikoa, aholkularitza juridikoa eta atzerriko tituluen homologazioaren ingurukoa.

ZESTOA

Zestoako Udalak, Berdintasunerako Udal Plangintzaren barruan, ongizate emozionala lantzeko ikastaroa antolatu du hil honetatik aurrera. "Zestoako zaintza ekosistema ardatz hartuta eta emakume zaintzaileen ahalduntzea sustatzeko" helburuarekin antolatu dute. Tailerrak Saioa Garmendia ongizate emozionalean eta coach pertsonalean aditua denak gidatuko ditu. Hark dioenez, "bizitza osasuntsua eta betea lortzeko oinarria da ongizate emozionala izatea". Irailaren 14an egin zuten aurreneko saioa, eta apirilaren 25a arte izango da tailerra. Bi astetik behin egingo dute saioa, ostegunetan, 18:00etatik 20:00etara, Alonderoan.

Tailerraren berri izan nahi dutenek Zestoako Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailean galdetu behar dute, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara, edo 943-14 71 32 telefonora deituta.

ZUMAIA

Abendura bitartean, Zumaiako Emakumeon Etxean ere hainbat jarduera prestatu dituzte: autoestimua, kosmetika naturala nahiz txalaparta ikastaroak. Ikastaro horietan izena online eman beharko da, eta bihar arte izango da horretarako epea zabalik. 

Ikastaroetako plazak betez gero, zozketa bidez osatuko dituzte taldeak, eta elkarteko bazkideek izango dute lehentasuna.