Azaroaren 22a Santa Zezilia Eguna izaten da, musikarien eguna, eta urtero bezala, eskualdeko musika eta dantza eskoletako ikasleak eta abesbatzetako eta musika bandetako kideak kalera aterako dira egun hori herritarrekin ospatzera.
Aurten Azkoitiko Bizkargi eta Azpeitiko Juan Antxieta musika eskolek 40 urte bete dituzte, eta urteurren ospakizunen barruan hainbat ekitaldi antolatu dituzte Santa Zezilia Egunaren bueltan. Bizkargi musika eskolako kideek azaldu dutenez, aurtengo Santa Zeziliako kontzertua "berezia" izango da, 40. urteurreneko ospakizunei amaiera emango dietelako ekitaldiarekin. Gaur izango da emanaldi berezi hori, 19:00etan, Baztartxo antzokian, eta musika eskolako ikasleek ez ezik, herriko beste hainbat taldek ere parte hartuko dute, hala nola Iraurgi abesbatzak, Sahatsa dantza taldeak, Txalkor txistulari taldeak eta Azkoitiko musika bandak. Herritar guztiak gonbidatu dituzte ekitaldira.
Bizkargik eskerrak eman dizkie jaialdian parte hartuko duten talde guztiei, "ospakizunean egon nahi izan dutelako", baita herritarrei ere: "Beraiek gabe ezinezkoa litzateke musika eskolak bizirik irautea herrian. Herritarrak dira gure motorra, eskola bizirik mantentzea lortu dutelako". Bestalde, "esker on berezia" helarazi dio musika eskolak udalari, eskola sortu zenetik gaur egunera arteko prozesuan "hurbil" egon delako erakundea, eta "behar izan denean laguntzen saiatu" delako.
Halaber, Juan Antxieta musika eskolaren 40. urteurrena ospatzeko ekitaldi bereziak antolatu dituzte datozen asteetarako. Batetik, igandean, Kantuz daramat bizia saioa izango da, eta abenduaren 3an Kantatzen duen herri bat izeneko kontzertua. "Euskal kantagintzaren transmisioan urratsak" egin nahi dituzte ekitaldiekin.
EGITARAUA
Aizarnazabal
Azaroak 22, asteazkena.
- 17:00. Kalejira herrian barrena.
- 17:15. Alaitsu musika eta dantza eskolako ikasleen emanaldia.
- Ondoren, Musika eta dantza eskolako ikasleentzat askaria.
*Oharra: Eguraldi ona bada, emanaldia zahar etxe aurrean izango da, eta eguraldi txarra bada, eskola azpian.
Azkoitia
Gaur, ostirala.
- 19:00. Santa Zeziliako jaialdia Baztartxon. Bertan parte hartuko dute musika eskolako ikasleek, Iraurgi abesbatzak, Sahatsa dantza taldeak, Txalkor txistulari taldeak eta Musika Bandak.
Azaroak 22,asteazkena.
- 17:30. Musikalean saioa Gaztaneneako parkean.
Azpeitia
Azaroak 19, igandea.
- 18:30. Kantuz daramat bizia ekitaldia Sanagustinen, Juan Antxieta musika eskolaren 40. urteurrenaren harira.
Azaroak 22, asteazkena.
- 19:00. Juan Antxieta musika eskolaren emanaldia Sanagustin kulturgunean.
Azaroak 25, larunbata.
- 12:30. Musika Bandaren Santa Zeziliako kontzertua.
Getaria
Azaroak 19, igandea.
- 12:30. Gazte Alaiak txistulari taldearen emanaldia, Salbatore Deunaren elizan.
Azaroak 21, asteartea.
- 18:00. Pepita Enbil musika eskolaren emanaldia Iturzaeta aretoan.
Azaroak 22, asteazkena.
- 19:00. Getariako Musika Bandaren kalejira.
Azaroak 26, igandea.
- 09:30. Diana Musika Bandarekin.
- 12:30. Getariako Musika Bandaren Santa Zezilia Eguneko kontzertua.
Orio
Azaroak 21, asteartea.
- 17:30. Trikitilarien eta txistularien kalejira herrian barrena.
- 18:00. Herriko plazan kontzertua eskainiko dute trikiti eta pandero taldeak, soka taldeak, bandak eta dantzariek.
- Ondoren, txokolate beroa banatuko dute ikasleen artean.
Azaroak 25, larunbata.
- 13:00. Salatxo abesbatzaren kontzertua 30. urteurrena ospatzeko.
Zarautz
Azaroak 22, asteazkena.
- 19:30. Herriko abesbatzetako kideek kantuz girotuko dituzte kaleak, Musika Plazan hasita. Kantu jiran parte hartuko dute Zarautz Abesbatza, Montetxio, Udaberri, Zarautz Kantuan eta Schola Cantorum abesbatzek.
Azaroak 23, osteguna.
- 15:30. Imanol Urbieta musika eskolako ikasleen eta irakasleen kalejira hiru multzotan banatuta. Musika Plazan elkartuko dira guztiak, eta elkarrekin abestu ondoren, txokolatadarekin amaituko dute festa.
Zestoa
Bihar, larunbata.
- 20:00. Zestoako Musika Bandaren kontzertua. Eguraldiak laguntzen badu, aurretik kalejira egingo dute.
Azaroak 21, asteartea.
- 17:30. Ertxiña musika eskolako ikasleen kalejira.
Zumaia
Azaroak 21, asteartea.
- 18:30. Musika eta dantza eskolaren jaialdia Zumaienan.