Rocka eta palindromoak, herritik

Andoni Elduaien eta Juan Luis Romatet 2024ko ots. 8a, 15:00

Zumaia musikaz dardarka argazki erakusketa antolatu du Dardarak Zumaian, eta Zarautzen, berriz, palindromoen inguruko erakusketa Jon Ander Garzia eta Itziar Aranburu zumaiarrek.

Esan izan da, eskualdeko edo inguruko beste herri batzuk ez bezala, Zumaia ez dela inoiz izan herri rockeroa. Dardara musika kolektiboak Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan zabaldu duen erakusketari so eginez, behintzat, adierazpen hori eta antzerakoak zalantzan jar daitezke. Izan ere, 1980ko hamarkadan hasi eta gaur egunera arte Zumaian izan diren 50etik gora talderen edo bakarlariren berri ematen du erakusketa horrek argazkien bidez. Irudi horiez gain, taldeek grabatutako diskoak, maketak, kartelak eta kamisetak ere ikus daitezke.

Dardarako kide Imanol Amilibiak eta Iñigo Gonzalezek erakusketaren irekieran azaldu zutenez, urte hauetan guztietan Zumaian egon diren taldeen "omenaldi" gisa antolatu dute mostra. "Guri ilusioa egiten digu erakusketak, eta pentsatzen dugu talde hauetan aritu direnei eta erakusketara hurreratzen direnei ere ilusioa egingo diela", adierazi zuen Gonzalezek. "Aurretik ere izan genuen halako erakusketa bat egiteko asmoa, baina lan handia dago atzean; talde asko daude, eta bilaketa lan handia egin behar izan dugu. Aurten, elkarteko zuzendaritzaren aldaketarekin batera, ikusi genuen erakusketarekin hasteko unea zela, eta polita ere izango zela herrian zer talde izan diren erakustea", gaineratu zuen Amilibiak. Dardararen urteurrena ospatuko dute otsailean, eta biek ere erakusketa egiteko une aproposa zela esan zuten.

Hilaren 17an kontzertuak

Zumaiako rockaren historian egindako arkeologia lan horrekin sorpresak jaso dituztela ere onartu zuten. "Taldeen izenak biltzen hasi ginenean, konturatu ginen agian posible zela Zumaian 60 talde egotea. Konturatu gara, gainera, oraindik ere falta direla batzuk", zioen Amilibiak. "60 talde ingururen argazkiak lortu ditugu; agian gehiago ere izango ziren. Beste talde batzuen izenak ere jarri ditugu horma batean, talde horien argazkirik ez dugulako lortu", esan zuen Gonzalezek.

Zumaian musika dardarka hilaren 18ra arte bisitatu ahal izango da Oxford aretoan, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Asteburuetan eguerdietan ere zabalik izango da, 12:30etik 14:00etara.

Erakusketarekin batera, otsailaren 17rako, larunbata, kontzertu sorta antolatu du Zumaiako musika kolektiboak. Egun horretan, Dardarako zenbait taldek joko dute Oxford aretoan bertan, modu akustikoan. "Oraingoz lauzpabost bat taldek eman dute izena, baina agian gehiago ere animatuko dira", adierazi du Amilibiak. Talde bakoitzak bizpahiru abesti joko dituela ere azaldu zuen Dardarako kideak.

Zarautzen, palindromoak

Zumaian ez, baina bi herri harantzago, Zarautzen, bi zumaiarrek ondutako oso bestelako erakusketa jarri dute ikusgai: Abere ba. Palindromo ilustratuen piztegia.

Sanz Eneako erakusketa gelan paratu dute, eta pasa den astean egin zuten irekiera ekitaldia. Bertan izan ziren Jon Ander Garzia eta Itziar Aranburu sortzaileak. Erakusketak izen berarekin 2020an argitaratu zuten liburua du oinarri, eta martxoaren 10era arte egongo da ikusgai.