Joxean Agirrek txinparta askoko ‘Gizon barregarriak’ lana argitaratu berri du

Aritz Mutiozabal 2024ko ots. 21a, 09:49
Joxean Agirre idazlea, 'Gizon barregarriak' liburuarekin. (Elkar)

Politika, erotismoa eta umorea nahasten dituen koktel bat da idazlearen azken eleberria. Haren benetako asmoa izan da "zahartzaroaz eta gaztaroaz" hitz egitea.

Zarauzko bizilagun Joxean Agirre (Azpeitia, 1949) idazleak Gizon barregarriak eleberria aurkeztu zuen joan den ostegunean, Elkar argitaletxearen eskutik. Agirreri berari bakarrik bururatu zekiokeen istorio sinestezin bezain harrigarria idatzi du: gaztetan komando batean ibilitako lau gizon jubilatu aspertzen hasita daude, eta atrako bat eta bahiketa bat antzeztera jolastuko dira, duela 40 urte egindako ekintzak gogoratzeko. Baina horren atzean badago beste arrazoi bat ere: sasoi hartan atzetik izan zituzten lehen promozioko lau ertzain, inoiz ere harrapatu ez zituztenak. "Sagardotegian apustua egingo dute: Egin zuek atrako bat, eta baietz guk harrapatu!".

Atrako "absurdo samar bat" eta "bahiketa simulakroa" egingo dituzte, baina idazlearen benetako asmoa "zahartzaroaz, gaztaroaz eta adinaz" hitz egitea zen. "Eleberria, ordea, ez nuen garatzen ikusten, harik eta neska bat –Maria Mendizabal izenekoa– komandoburu ohiaren etxean sartu nuen arte. Orduan, bideari aise ekin nion, eta, egia esan, sekulako gozamena izan da lan hau idaztea".


"Berezko estiloa"


Elkar argitaletxeko editore Xabier Mendigurenek azaldu zuenez, Agirreren azkenaldiko nobeletan lau osagai nagusi ageri dira: "Intriga politikoa, sexualitatea edo erotismo kutsua, literaturarekiko maitasuna eta metaliteratura apur bat, eta hori guztia josteko, berezkoa duen estilo zoragarria, umoretsua eta irudimen handikoa. Horien uztarketari esker eleberri bakanak eta diferenteak ateratzen zaizkio, baina denak ezagutzeko modukoak dira; nabarmena da bereak direla, alegia". Zentzu horretan, Gizon barregarriak azken lana ere ongi gatzpipertuta atera berri du labetik.

Agirrek gogora ekarri zuen eleberriaren zirriborroa editoreari bidali eta hark erantzundakoa. "Gustatu zitzaiola esateaz gain, osagaien kontu hori adierazi zidan nolabait, eta politika, umorea eta erotismoa nahasten dituen koktelaren irudia erabili zuen horretarako. Uste dut baduela koktelaren kutsu hori, edari arin eta txinpartadunen antzeko zerbait izan daitekeela; izan ere, hasieratik saiatu nintzen txinparta jartzen kontakizunari".

Joxean Agirre, Gizon barregarriak liburuarekin. (Elkar)


Zailena umorea lantzea dela iritzi dio idazleak, eta konbentzituta dago nobela honetan umorearen gakoa izan dela narratzaileak bizitzarekiko edo munduarekiko duen begirada, "grazia egingo baliote bezala ikusten baititu". Aitzitik, hori ez dela beti horrela zehaztu du: "Zahartzaroari begiratzen dionean, ilundu egiten da begirada hori, eta halako mantra batekin hasten da. Baina, oro har, dibertimenduzkoa da".


Hiru lerro nagusi


Idazle azpeitiarraren azken lanak hiru lerro nagusi ditu, eta lehenak Maria Mendizabal antropologiako ikasle gazte eta distiratsuan du oinarria. Agirreren esanetan, "xarma" izugarria izateaz aparte, "azkarra da eta anbizioa dauka". Landa eremuko lan bat dauka egina Mendizabalek, sexu azkarraren inguruan. "Azalean azaltzen den terraza horretan [Irune Izquierdok egin du azala] elkartzen dira tarteka narratzailea eta neska, eta narratzaileak esaten dio lehen pertsonan idatzi beharko lukeela, lehen pertsonan idatzitako oro delako literatura, emakumeak barrutik kontatzen badu. Eta Catherine Milleten eredua jartzen dio". 

Milleten La Vie Sexuelle liburuarekin beti zalantza bera izan duela azaldu du Agirrek: "Hori posible da Parisen eta artearen munduan, baina Azpeitian edo Donostian idatziko balitz, zer gertatuko litzateke? Liburu honetan sartu dut esperimentu hori, ea funtzionatzen duen edo zalapartarik sortzen duen".

Usaimena presente dago Gizon barregarriak eleberriko orrietan, eta hori bigarren lerroa litzateke. Idazlearen arabera, "usainak nobela osoa zeharkatzen" du. Izan ere, Maria Mendizabal ikaslea doktore tesi bat egiten ari da uniformatuen usainei buruz. "Txakur mota bakoitzak usain berezi bat daukan bezala, polizia mota bakoitzak ere berea izan behar duela uste du. Baina ez hori bakarrik: elizetara ere sartzen da, kongregazio bakoitzak bere usaina baitu", azaldu zuen Agirrek.

Bestalde, hirugarren lerro bat  ere badago, narratzaileari oso lotua dagoena. Gaztetan poliziek atxilotu zutenean euskarazko nobela bat aurkitu zioten, eta komisarian itzultzeko eskatu zioten ahoz eta momentuan. Poliziei bertan jartzen zuena gustatuko ez zitzaielakoan, beste nobela bat asmatzen hasi zen.