Saharar herriaren egunaren bueltan ekitaldiak antolatu dituzte Orion eta Zumaian

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2024ko ots. 21a, 09:04
Minatou Abdala, Fatima Sid eta Lamat Ali sahararrak Orioko plazan. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Orion, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatuko dute larunbatean egingo duten festa solidarioan. Zumaian, berriz, Sahararen aldeko lankidetza astea antolatu du Darahli elkarteak

Otsailaren 27a egun garrantzitsua da sahararrentzat. Izan ere, 1976ko egun horretan Saharako errepublika aldarrikatu zuten, Espainiako Estatuak han zuen azken kolonia utzi zuenean. Egun hori beren independentziaren aldeko eguna bilakatu da geroztik, nahiz eta Espainiak Sahara utzi orduko Marokok eta Mauritaniak horien lurrak bereganatu. Saharako herriak geroztik aurre egin dio okupazio horri, eta askatasun aldarriak indartsu dirau oraindik. Horregatik, Orion eta Zumaian hainbat ekitaldi antolatu dituzte datozen egunetarako.

Orioko saharar komunitateak saharar herriaren eguna ospatuko du larunbatean herritarrekin batera. Eguerdian, udaletxeko balkoian, ikurrinarekin batera Mendebaldeko Saharako bandera jarriko dute Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatzeko, eta herriko hainbat emakume saharar balkoira igoko dira euren irrintzia plazan barrena zabaltzeko. Euskal irrintzia ere izango dute lagun ahalegin horretan, bi herrien arteko harreman estua irudikatzeko.

Sahararen aldeko festa solidarioa larunbat eguerdian izango da herriko plazan, GueraraOrio elkarteak antolatuta. Eguerdiko ekitaldiaren ondoren, Saharako kultura ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Lamat Ali, Minatou Abdala eta Fatima Sid antolatzaileek azaldu dutenez, haima bat jarriko dute plazan, eta bertan herritarrek aukera izango dute tea hartzeko eta henna marrazkiak egiteko. "Gure helburua da oriotarrak sahararron kulturan murgiltzea, eta bi herrien arteko zubiak eraikitzea. Oriotarrek oso ondo erantzun ohi dute errefuxiatuen kanpalekuetara bidaltzeko janari bilketak egiten ditugun bakoitzean, eta guretzat garrantzitsua da Saharako gatazka eta gure herriaren egoera gizarteratzea eta gure kultura ezagutaraztea", azaldu du Alik.   

Munduko kultura gehienetan bezala, janaria oso elementu garrantzitsua izaten da sahararren ospakizunetan, eta Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatzeko hango zaporeez beteko dute plaza larunbatean. Saharako plater tipikoa, kuskusa, banatuko dute haiman, eta errazioa 6 euroan eta haragi pintxoa 7 euroan egongo dira salgai. "Sahararrok gure herrialdea utzi behar izan genuen. Ordutik asko munduan zehar sakabanatuta bizi gara, eta beste asko Aljeriako errefuxiatuen kanpalekuetan. Larunbatean plazan prestatuko dugun platera, ordea, gure plater tipikoa da, gure amonek gure lurraldean zeudenean ere prestatzen zutena, geure-geurea", adierazi dute hiru emakumeek.

Aljeriako errefuxiatuen kanpalekuetan egoera "oso gogorra" dela aitortu dute aspalditik Orion bizi diren hiru emakumeek, eta, horregatik, bildutako dirua kanpalekuetako familia behartsuen artean banatuko dutela adierazi dute, janariaz gain, horixe baita bertako herritarrek uneotan gehien behar dutena.

Lankidetza aste oparoa

Zumaian, bestalde, Sahararen aldeko lankidetza astea antolatu du Darahlik ostiral honetan hasi eta martxoaren 3ra bitarterako. Hasteko, etzi bertan Darahli-Zumaia, Mendebaldeko Sahararekin urtez urte elkarlanean erakusketa zabalduko dute Alondegiko Oxford aretoan. Erakusketa horrek Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan egindako bidaietan bizitako esperientziak eta abian jarritako hainbat ekintza irudietan jasotzen ditu. Izan ere, 2006tik gaur arte 500 gaztek baino gehiagok izan dute herrialde horrek bizitako gatazkaren berri, baita errefuxiatuen kanpalekuen egoera bertatik bertara ezagutzeko aukera ere. Erakusketa martxoaren 3ra arte bisitatu ahal izango da Oxford aretoan, 18:00etatik 20:00etara. Asteburuetan eguerdietan ere zabalik izango da, 12:00etatik 14:00etara.

Erakusketak irauten duen denboran eta espazio berean, beste ekintza batzuk ere egingo dituzte. Hala, egun horietan Oporrak Bakean programaren txokoa ere egongo da, argazkien bidez, azken urteetan eskualdera etorritako haur sahararren eta haien harrera familien esperientzia ezagutarazteko. Elkartearen arabera, harrera familia berriak lortzea du helburu espazio horrek, bideo eta informazio gunea ere izango baita bertan.

Erakusketaz gain, ostiralean 18:30ean, Insumisas, mujeres en el Sahara Occidental dokumentala emango dute, eta, ondoren, mahai ingurua izango da Itsaso Anduezak gidatuta. Larunbatean, 12:00etan, umeentzako tailerrak eta jolasak egingo dituzte Oxford aretoan. Eta, amaitzeko, martxoaren 1ean, ostiralez, 18:30ean, Sahara, herri bat erresistentzian liburua aurkeztuko du Berria-ko kazetari eta liburuaren egile Kristina Berasainek. Ondoren, zuzeneko musika kontzertua izango da Hayuh Ramsi sahararraren eta Eire zumaiarraren eskutik.