Afizionatuek larunbatean hasiko dute errepide gaineko sasoia

Ane Olaizola 2024ko ots. 21a, 11:00
Txirrindulariak Zumaiako helmugara heltzen.

Zumaian hasiko da Hego Euskal Herriko txirrindularien errepide gaineko denboraldia. Federazioak 27 urtetik 29 urtera luzatu du afizionatuen maila.

Irailaren erdialdera arte luzatuko den Hego Euskal Herriko errepide gaineko denboraldia prest dute 30 urtez azpiko txirrindulariek, datorren larunbatean jokatuko baitute aurreneko proba. Ohiko moduan, Zumaian hasiko dute sasoia, han jokatuko duten Euskaldun torneoarekin; beraz, denboraldirako puntuagarria izango da larunbateko proba. Hastear den denboraldiak, gainera, izango du berrikuntzarik; izan ere, orain arte 23 eta 27 urtez azpiko txirrindulariek parte hartu zezaketen afizionatuen lehian, baina aurten Euskadiko Txirrindularien Federazioak 27 urtetik 29 urtera arte zabaldu du eliteei dagokien mailan lehiatzeko tartea. "30 urtetik aurrera, master mailan lehia daitezke, baina 26 urtetik 30 urtera arteko gizonek ez zuten aukerarik Euskal Herrian lehiatzeko; lehiatu nahi bazuten, kanpora joan behar zuten", azaldu du Arritxu Iribar Zumaiako Txirrindularitza Elkarteko kideak. Aurrenekoz, beraz, 30 urtetik azpikoek parte hartuko dute sasoian.

Larunbatean, 10:00etan hasiko da Euskaldun torneoa Zumaian, eta 180 txirrindulari inguru lehiatuko dira bertan. Horiek, guztira, 112 kilometroko ibilbidea egingo dute, tartean Aizarnazabal, Arroa, Oikia, Getaria eta Zarautz zeharkatuz. Ohi bezala, esprintean emango diote amaiera lasterketari, 12:30 alderako. Iribarrek azaldu duenez, "txirrindulari guztientzat lasterketa erraza" delako hasi ohi dute urtero errepide gaineko sasoia Zumaian: "Batez ere jubeniletatik mailaz igo direnek hasiera polita izan dezaten jokatzen da lehen proba Zumaian; haiek animatzeko asmoz. Izan ere, ondorengo lasterketa ia guztiak oso menditsuak eta gogorrak izaten dira".

Bestalde, esprintean amaitzen diren "oso lasterketa gutxi" daude denboraldian zehar, eta esprinterrek ere aukera izan dezaten, "lasterketa egokia" da Zumaiakoa. Gainera, txirrindulari afizionatuek profesionaletara salto egiteko "aukerak" ematen dituen proba dela azaldu du Iribarrek. "Hor ditugu Jon Barrenetxea, Miguel Angel Fernandez, Jon Irisarri... Horiek guztiak Zumaian garaile izan dira, eta profesionaletan hastea lortu dute". Bi zumaiar lehiatuko dira larunbateko lasterketan: Laboral Kutxako Aitor Agirre eta Eulen Jira Birako Mattin Salegi.

Hain zuzen, Zarauzko Eulen Jira Bira da denboraldian afizionatuen mailan lehiatuko den eskualdeko talde bakarra, eliteko hiru txirrindulari eta 23 urtez azpiko beste hamahiru baititu klubak.

"Altxorra" Euskal Herrian

Larunbatean, Espainiako Estatuko afizionatu mailako txirrindulari "onenak" ikusteko aukera izango dela azpimarratu du Iribarrek, haren arabera, Euskal Herria txirrindularitzan "erreferentea" delako: "Estatuko kadete eta junior onenek Euskal Herrira etorri nahi dute afizionatuetan lehiatzera. Izan ere, beste lekuen aldean, Euskal Herrian lasterketa asko dago, batez ere Gipuzkoan. Gainera, beste lurraldeetan baino txirrindulari gehiago dago hemen. Altxor bat da daukaguna".

Joan zen denboraldian, bertan behera utzi behar izan zituzten txirrindularitzako hainbat lasterketa Gipuzkoan, ez zegoelako asegururik motoekin laguntza ematen ari zirenentzat eta Ertzaintzak ez zuelako behar adina agente jartzen probetako segurtasuna ziurtatzeko. Trafiko Zuzendaritzak baimenak eta lasterketak "erabat murriztu" zituela azaldu du Iribarrek, baina iazko "urte korapilotsuaren" aldean, aurtengoa "normalagoa" izango dela aurreratu du hark: "Badirudi jarrera hobea dagoela Trafiko Zuzendaritzaren aldetik, eta denboraldia hasi behintzat egingo dugu. Ez da talderik desagertu, eta txirrindulari kopuru handia izango dugu".

Boluntario falta

Ordea, aurten bestelako arazo bat ari da nagusitzen txirrindularitza proben atarien: boluntario faltarena. "Klubetan antzematen hasi gara jendea falta dela lasterketetarako, eta dagoeneko esaten hasi dira zaila izango dela hainbat proba antolatzea. Debakoa, esaterako, bertan behera utzi dute", jakinarazi du zumaiarrak. Larunbateko saioan, 50-60 boluntario inguru arituko dira laguntzen. "Jende asko behar izaten da".

Afzionatuen mailako lasterketekin batera, junior eta kadete mailako probak ere jokatuko dituzte asteburu honetan. Jubenil eta kadete mutilek igandean hasiko dute errepide gaineko denboraldia, Eibarren. Igande arratsaldean, berriz, kadete eta jubenil emakumeen txanda izango da. Eskualdeko taldeei dagokienez, Zumaia eta Azpeitiko Lagun Onak elkartearen Atracciones Sanz lehiatuko dira maila horietan. Izan ere, aurten Zarautzek ez du talderik osatu kategoria horietan.