Zozketa

Urola Kostako Hitzaren urteurreneko zozketak badu irabazlea

Erredakzioa 2024ko ots. 28a, 12:29
Gurutze Zendoia, sariarekin.

Tokiko informazioa euskaraz emateko asmoz, duela 20 urte sortu zen Urola Kostako Hitza, eta data berezia ospatzeko, bi lagunentzat otordua zozkatu dugu Zumaiako Txopa Gastrolekuan.

Urola Kostako Hitzak 20 urte bete ditu zure babesari esker. Hala, babes hori eskertzeko, eta data berezia ospatzeko, bi lagunentzat otordua zozkatu dugu Zumaiako Txopa Gastrolekuan. Zozketan parte hartzeko galdera bati erantzun beharra zuten gure irakurleek: 'Zer da Urola kostako Hitzaz gehien gustatzen zaizuna?'. 

Zozketa egin ondoren, Gurutze Zendoia izan da irabazlea. Zumaiarraren erantzuna honako hau izan da: "Nire inguruaren berri izateko, ezinbestekoa iruditzen zaidalako hedabidea. Urola Kostako Hitzak, bere albiste eta baliabideekin, nire eskualdean gertatzen denaren berri ematen dit eta inguruko ekimenei gerturatzeko atea zabaltzen dit. Laburra da, irakurterraza, guztiontzako modukoa, eta gustura jasotzen dut egunero. Segi horrelaxe!". Zendoiak jaso du saria: bi lagunentzat Zumaiako Txopa Gastrolekuan.

Gure herrietako albiste, istorio, gertaera eta jendearen bizipenak ezagutu ditugu egunero milaka etxeetara iristen den egunkari eta atari digitalari esker. Zuen etxeetako ateak Hitzari irekitzean euskalgintzari eta herrigintzari lagundu diozue. Eta horrela, guztion artean, herri bateratu eta euskaldun batean jarraitzeko  gure hondar aletxoa jarri dugu. Eta horrela jarraituko dugu.