Eduki babestua

Berrikuntzekin dator Errigoraren kanpaina

Erredakzioa 2024ko mar. 1a, 09:00
Errigoraren Eutsi geureari! kanpainaren aurkezpeneko irudia. (ERRIGORA)

Nafarroan ekoitzitako oliba olio birjina estra, arroza, pasta eta kontserbak eskatzeko epea zabaldu du Errigora egitasmoak, eta eskaerak martxoaren 13rako egin beharko dira. Ardoa eta babarrunak gehitu dizkiote eskaintzari.

Udaberriko kanpaina abian jarri du Errigorak, Eutsi gureari! lelopean. "Eusteko, zeri eta gureari. Baina ez da dei bat lortutakoari, galtzeko beldurrez, atxikita gelditzeko deia da. Bada dei bat, baina egindako bideari begiratu, oinak gaurko lurrean sentitu eta aurrerako pausoak emateko deia", agertu dute Errigorako arduradunek.

Hala, aurrerako pauso horien artean, badira oraingo kanpainan izango dituzten berrikuntzak. Izan ere, ardoa edota babarrunak gehitu dizkiote eskaintzari.

  • Ardo bereziak. Errigoran parte hartzen duten upategietako ardo bitxien aukeraketa da: sulfitorik gabeko ardoak, ardo onduak izan gabe frutaren freskotasuna eta egur ukitua mantentzen duten ardo erdionduak, beratze karbonikoko ardoak...
  • Ardo gorenak. Ardoen lan ildo klasikoa da.
  • Babarrun gorriak. Babarrun gorriak, ekologikoak eta konbentzionalak.

Modu horretan, kaxak eskatu beharrean, urte guztirako eskaerak egin ahalko dira kanpainan. "Hortaz, oliba olio birjina estra bidoi handietan eskainiko dugu, eta gainontzeko produktuak hamabi unitateko sortetan, arroza izan ezik, seiko sortetan banatuko baita", aurreratu dute. Eskaerak egiteko epea zabaldu dute dagoeneko, eta horiek martxoaren 13rako egin beharko dira. Eskaerak Errigoraren webgunearen bidez zein telefonoz egin daitezke (errigora.eus webgunean edo 848 87 12 23 telefono zenbakian).

"Aurtengo udaberriko kanpainan gureari eutsi nahi genioke, beraz. Zailtasunez jakitun, gure ahaletatik ametsetarako bidea marraztu ez ezik, bidea egiten jarraitu nahi dugu. ‘Eutsi gureari!’ diogunean, horixe adierazi nahi genuke, eta, noski, milaka despentsa betetzen segi nahiko genuke!", esan dute arduradunek.

ESKAERAK

Saskiak eskatzeko epea martxoaren 13ra artekoa da, eta Internetez edota eskura eska daitezke. Internetez, errigora.eus webgunean, edo kanpainako esku orriak dakarren inprimakia betez, tokian tokiko kanpaina egiten duten boluntarioen bidez.

Saskiak jasotzeko

Errigoraren udaberriko saskia eskatuz gero, honako leku eta egun hauetan jaso behar da:

- Azkoitian: Plaza Berduran, maiatzaren 16an, 11:00etatik 12:30era, eta maiatzaren 17an, 18:00etatik 19:30era.

- Azpeitian: Maiatzak 17an, 16:00etatik 19:00etara, Elkargunean, eta maiatzaren 20tik aurrera, Ikasberri ikastolaren ordutegian.

- Getarian: Maiatzaren 16an, 16:00etatik 20:00etara, Eskualtxeta eraikinean.

- Orion: Maiatzaren 13tik aurrera, Orioko Herri Ikastolan, ikastetxearen ordutegian; 08:30etik 13:30era eta 14:30etik 18:00etara.

- Zarautzen: Alprojaren lokalean (Urdaneta bidea, 13), maiatzaren 16an, 16:00etatik 19:00etara, eta maiatzaren 17an, 11:30etik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara.

- Zestoan: Maiatzaren 23an, 17:00etatik 19:00etara, eta maia-zaren 24an, 10:00etatik 12:00etara, Zubimusu kaleko udalaren lokalean.

- Zumaian: Kofradia azpian (Justa taberna izandako lokalean), maiatzaren 23an eta 24an 18:30etik 20:00etara, eta maiatzaren 25ean, 11:30etik 13:30era.