Tiloak plataformak Zarauzko Udalaren adierazpenak arbuiatu ditu haizeak botatako ezkien harira

Aritz Mutiozabal 2022ko aza. 2a, 16:45

Mugimendu herritarreko kideen esanetan, ezkiak deabrutzen ari da Udal Gobernua Nafarroa kalerako daukaten plana justifikatzeko. Horregatik, zuhaitzak erortzeko arrisku ohartarazpenen atzean interes politikoa dagoela diote.

Zuhaitzen erorketaren ondoren udal ordezkariek egindako adierazpenei erantzunez, Tiloak plataformak nabarmendu nahi izan du Gipuzkoa kalea-Inurritzan eta Pilartxo Enean eroritako ezkiak "beren kideen babesean" hasitakoak zirela, baina "kaltetuta eta arrisku egoeran zeuden, denboran zehar jasotako kimaketengatik".

Gipuzkoa kaleanĀ  "aurreikuspen falta are larriagoa" izan dela iritzi diote plataformako kideek, eroritako zuhaitzaren enborrak "usteldura sakona" zuelako: "Hiru adar nagusiak azal inklusiboa zuen enbor zatian sortu ziren eta nabarmena zen erortzeko arriskua. Zuhaitz haren hegoko aldea, gainera, erabat babesgabe zegoen inguruko zuhaitzei egindako kimaketa zorrotzen ondorioz". Haien esanetan, gauza bera gertatu zitzaien orain dela urte gutxi lerrokadura berean eroritako zuhaitzei.

Udaleko ordezkariek erorketa horien arriskuaz ohartarazten ari dira aspaldian, Tiloak plataformaren iritziz, "Nafarroa kalerako daukaten plana justifikatzeko". Nafarroa kaleko ezkiak moztearen aurrean hainbat herritarrek kontrako jarrera erakutsi dute, eta udal ordezkariek, berriz, ur saneamenduko obrak egiterakoan zuhaitzen sustraiek sor ditzaketen arazoak argudiatu dituzte. "Orain nahiago dute ezkien arriskuez hitz egin eta horien mehatxuez ohartarazi", leporatu dute plataformako kideek: "Benetan desegokia da udaleko Lorazaintza sailaren zainketa eta aurreikuspen falta eta bere praxi eskasarengatik, espezie hau deabrutzea, interes politikoak direla-eta".

Zarauzko Udalak ezkien osasunaren inguruko txosten bat egiteko eskatu zion Tecnigrali, eta azterketa hark "ezki gehienak osasuntsu daudela" zehazten du, Tiloak taldekoen esanetan. "Egoera txarrean dauden zuhaitzen mozketa, jokabide protokolo serio batekin egin behar da. Hori egin zen Donostian garai batean, eta hiru Ibilbide haiek mantendu egin dira, zuhaitz zahar mardul haiekin. Seriotasun hori eskatzen diegu gure udaleko arduradun tekniko zein politikoei".