Bihar bizikleta martxa egingo dute Zarautzen, Tiloak plataformak antolatuta

Onintza Lete Arrieta 2022ko aza. 12a, 13:52

Nafarroa kalean hainbat ezki moztuko dituzte ur saneamenduko lanak egiteko, eta udalaren erabaki horren kontrako herri plataformak bere aldarriekin jarraituko du, protesta herriko kaleetara eramanda. Hotel Zarautz aurreko biribilgunean jarri dute hitzordua, eguerdian.

Tiloak plataformak protestan jarraitzen du udalak ez ditzan moztu Nafarroa kaleko ezkiak. Ur saneamenduko obrak egin behar dituzte kale horretan, eta horiek egin ahal izateko hartu du erabakia udalak, txosten teknikoetan oinarrituta. Plataformakoen ustez, ordea, badaude lan horiek egiteko beste modu batzuk zuhaitzak kaltetu gabe.

Udan sortu zuten Tiloak plataforma hainbat herritarrek, eta ordutik hainbat protesta saio egin dute, baita udalean mozioak aurkeztu eta gutunak argitaratu ere. Gainera, ostegunero elkarretaratzeak egiten hasi dira udaletxe aurrean.

Bihar, berriz, bizikleta martxa egiteko asmoa dute. Hitzordua Hotel Zarautz aurreko biribilgunean da, 12:00etan, eta herritarrei eskatu diete parte hartzeko, eta kaskoarekin bertaratzeko.