"Orain gehiago estutzen naiz, eta neurtzen ikasi nahi dut"

Jabi Gonzalez Toston 2022ko aza. 18a, 10:00
Ugazi Manterola eskubaloi jokalaria. (Jabi Gonzalez Toston)

Etorkizun oparoa du aurretik Ugazi Manterola eskuin hegaleko jokalari zarauztarrak. Horren erakusle da Espainiako selekzioaren lehen taldearekin 17 urterekin debutatu izana.

Momentu gozoa bizi du Ugazi Manterola (Zarautz, 2004) Zarauzko eskubaloi taldeko jokalariak: gaur egin da adinez nagusi 18 urte beteta eta pasa den urriaren 30az geroztik esan dezake Espainiako selekzioaren lehen taldearekin jokatu eta titulu bat irabazi duela. Behin debuta eginda, ametsak egi bihurtzen jarraitu nahi du Manterolak: bizitakoa errepikatu eta Olinpiar Jokoetan parte hartu nahi luke.

Hiru aste pasatu dira Espainiako selekzioaren lehen taldearekin debuta egin zenuenetik. Asimilatu duzu dagoeneko?

Ezin sinetsita jarraitzen dut oraindik ere. Europako Txapelketa jokatzen ikusi ditut egunotan telebistan eta zera pentsatzen dut: haiekin izan berri naiz partida bat jokatzen. 

Deia bat-batekoa izan zen, gainera, espero gabea. Nola jakin zenuen lehen taldearekin jokatu behar zenuela?

Junior mailako Espainiako selekziorekin nengoen Alacanten (Herrialde Katalanak) GHT Scandiberico txapelketa jokatzen, eta lehen taldea ere bertan ari zen Europako Txapelketa prestatzen. Horregatik, jokatzen ari ziren Espainiako Nazioarteko Txapelketako partida bat ikustera gerturatu ginen. Amaitutakoan, pistara jaitsi ginen jokalariak agurtzera eta haiekin argazki batzuk ateratzera. Orduan, nitaz galdezka hasi zen lehen taldeko delegatua: ea nor zen Ugazi. Eskua altxatu nuen eta nirekin hitz egin behar zuela esan zidan. Apur bat aldendu ginen eta hurrengo eguneko partida haiekin jokatuko nuela jakinarazi zidan, Maitane Etxeberria min hartuta zegoelako. Zur eta lur geratu nintzen, aho zabalik. 

Taldekideengana itzuli nintzenean ez zuten nire harridura aurpegia ulertzen, ez zekiten ezer. Aitortu behar dut nik ere hasieran ez nuela erabat sinetsi, hurrengo egunean lehen taldekoen hotelera eraman nindutenean hasi nintzen konturatzen benetan jokatuko nuela selekzioko lehen taldearekin.

Etxekoek nola erreakzionatu zuten jakinarazi zenienean?

Ez dut oroitzen. Amarekin telefonoz hitz egin eta eskegi nuenean taldekide batek galdetu zidan ea zer esan zidan eta erantzun nion ez nekiela. Hainbesteko zirrara nuen, ez nuela ezertxo ere barneratu.

Partida ostean ere mezu ugari jasoko zenituen ziur.

Bai. Harrigarria da zenbat jende oroitu zen nitaz. Oso eskertuta nago. Whatsappa, Instagrama eta ditudan sare sozial guztiak nituen mezuz beteta. Herrira itzulitakoan ere zoriondu nau jendeak kalean ikusi nauenean.

Eta partidaz, gogoratzen al zara zerbait?

Oso oroitzapen ona dut. Kaka eginda nengoen, baina sekulakoa izan zen bizitakoa: kantxan askatutako adrenalina eta alboan hainbeste miresten ditudan jokalariak izatea... Gainera, harrera bikaina egin zidaten. Bera Bera taldekoak aurrez ezagutzen nituen beraiekin entrenatzen dudalako astelehenetik asteazkenera, baina denak izan ziren oso atseginak. Asko lasaitu ninduten. Ordezkatu nuen Maitanek berak ere asko zaindu ninduen, berak eman zidan jokatzeko elastikoa, eta ur botilak ere berak hurbildu zizkidan.

17 urterekin egin duzu debuta. Hain gazte izanik, dagoeneko selekzio nagusiarekin jokatu izanak lehen ez zenuen presiorik eragin dizu?

Kanpoko presiorik ez dut sentitzen. Ni naiz nire burua inkontzienteki estutzen duena, eta debutatu nuenetik gehiago egiten dudala uste dut, bai. Nire maila erakusteko behar handiagoa sentitzen dut, nolabait, eta kontrolatzen ikasi nahi dut. Izan ere, autoexijentzia horrek sufrimendua eragiten dit konturatu gabe.

Aiala Zarautzekin ere oso gazte hasi zinen. Hirugarren denboraldia duzu aurtengoa, baina adinez lehenengoa izango da senior gisa. 


Aialarekin izan nuen estreinaldiak eta selekzioarekin izan dudanak badute antza. Nire postuan jokatzen zuten bi jokalarik izandako arazoengatik [apendizitis ebakuntza egin behar izan zioten bati eta orkatilan lesio larria izan zuen besteak] igo ninduten jubenil lehenengo urteko jokalaria nintzela. Bost hilabete egin nituen seniorrekin, eta, ondoren, jubenilen taldera itzuli nintzen. Iaz ere jubenilen taldean nuen fitxa, baina goian egin nuen ia denboraldi osoa. Azken fasea eta partida solteren bat soilik jokatu nuen jubenilekin.

Aurten jada seniorra izanik alderik nabaritu al duzu?

Jada ez naiz berria maila honetan eta antzeman dut aurreko denboraldietako esperientzia, bai. Jokatzeko modua ezagutzeko eta jokalari gisa hasteko balio izan didate batez ere. Azken finean, jokalari helduagoekin aritu naiz eta asko ikasi dut haiengandik entrenamenduetan. 

Eskubaloiaz harago zer egiten du Ugazi Manterolak?

Administrazio eta finantzetako goi mailako zikloa ikasten ari naiz, eta aurrez erdi mailako zikloa ere egin nuen.

Astean hirutan Bera Berarekin entrenatzen duzula aipatu duzu, eta Aialarekin ere entrenatzen duzu asteburuko partidaren aurretik. Nola moldatzen zara ikasketak kirolarekin uztartzeko?

Astelehenetik ostiralera ditut entrenamenduak, ostegunetan eta ostiraletan Aialarekin. Kantxako lanaz gain, fisikoa ere lantzen dut astelehen, astearte eta ostegunetan. Egia esan, ondo antolatzea kostatu egin zait betidanik eta zaila egiten ari zait guztia aurrera eramatea.
 
Udan ere ez duzu denbora libre askorik. Beti duzu txapelketaren bat selekzioarekin. Nola daramazu hori?

Primeran, egia esan. Lagunek esaten didate ez ote didan penarik ematen uda galtzeak, baina nik ez dut uste hala denik. Gustuko dudana egiten dut denbora horretan eta ezin hobeto pasatzen dut. Hori gutxi balitz, asko bidaiatzen dut. Aurreko udan, esaterako, hiru herrialdetan izan nintzen. Zarautzen geratuz gero, aspertu egingo nintzateke etxetik hondartzara eta hondartzatik etxera egunero.