Ramon Serras argazki lehiaketa abian da

Jabi Gonzalez Toston 2022ko aza. 21a, 13:05
Iazko Ramon Serras argazki lehiaketa. (Utzitakoa)

Mugimendua da aurtengo ediziorako hautatu duten gaia eta parte hartu nahi dutenek abenduaren 4ra arteko epea dute argazkiak aurkezteko.

Zarauzko Argazkizale Elkarteak zazpigarrenez egingo du Ramon Serras Argazki lehiaketa. Euskalduna tabernaren babesletzarekin eta udalaren laguntzarekin antolatu dute.

Aurtengo ediziorako hautatu duten gaia mugimendua da eta lanak paperean aurkeztu beharko dira abendaren 4an beranduenez Euskalduna tabernan. Argazkizale zein profesionalek hartu dezakete parte eta lau lan aurkeztu ditzakete gehienez.

Epaimahaiak abenduaren 23an jakinaraziko du erabakia, Euskalduna tabernan, arratsaldeko 18:30ean. Orduan egingo dute sari banaketa ekitaldia, hain zuzen ere. Saritutako lanak Euskalduna tabernarentzat izango dira eta abenduaren 23tik otsailaren 6ra ikusgai izango dira egingo duten erakusketan.

Honako sari hauek jasoko dituzte lan onenek:

  • Lehen saria: 600 euro eta garaikurra
  • Bigarren saria: 300 euro eta garaikurra
  • Hirugarren saria: 200 euro eta garaikurra

Kategoria nagusian onenen artean hautatu ez dituzten Zarauzko argazkilariek izango dute beste aukerarik saririk irabazteko; izan ere, Turismo Bulegoak bi sari eskainiko ditu aurten ere zarauztarren lanentzat:

  • 1. saria: 200 euro eta garaikurra.
  • 2. saria: 100 euro.

Horrez gain, antolatzaileek nahi adina accesit, aipamen berezi, emango dituzte eta 100 eurorekin sarituko dute horietako bakoitza.