'Zeruak eta infernuak' izango dute aztergai Zarauzko liburutegiko literatur tertulian

Jesus Mari Olaizola 'Txiliku'.

Jesus Mari Olaizola Txiliku idazle Zarauztarraren azken liburua irakurri eta komentatuko dute ostegun honetan, 18:30etik 20:00era.

Gorka Arresek gidatuta, hilabete honetako Sanz Enea liburutegiko euskarazko literatur tertulia Txilikuren Zeruak eta infernuak lanaren inguruan egingo dute. Ohi bezala, 18:30ean hasiko da eta ordu eta erdi inguru iraungo du.

"Pieza denek duten lotura da fikziorik ez daukatela. Benetan gertatutakoak dira, edo mugan daudenak; hau da, batzuetan ez dakigu zenbateraino gertatu ziren, edo zenbateraino kulturak sortu zituen", azaldu zion idazleak Urola Kostako Hitzari liburua atera berritan. 

Zeruak eta infernuak lanean "utopiak, eutopiak edo distopiak" daude, eta horri lotuta, giza irudimenari presentzia nabarmena eman dio Txilikuk. 45 piezaz osatutako lana da, kronika estiloan, eta Elkar argitaletxearekin plazaratu du.