'Ez da horren sinplea' diskoa kaleratuko du Jexuxmai Lopetegik

Aritz Mutiozabal 2022ko aza. 28a, 16:30

Musikari zarauztarrak Ez da horren sinplea disko berria emango du aurki argitara, *Zart zigiluaren babesean, eta bien bitartean, Heisenberg izeneko aurrerapen abestia aurkeztu du.

Jexuxmai Lopetegi abeslari eta gitarrista beteranoa bizi-bizi jarraitzen du, eta proposamen dotorea du esku artean: Ez da horren sinplea. Berak hala badio, horrela izango da, baina azken urteetan alboan izan dituenak konplize izan ditu oraingoan ere, eta badirudi dena aise egiten duela.

Harkaitz Canoren testuek hartzen dute abestien gehiengoa, Antton Olariagaren ilustrazioak azala, Noizbehinka taldean aritutako hainbat musikari grabazioak eta ohiko soinu teknikari Unai Moraza. Horrez gain, herriko lagunen presentzia ere badu disko honek: Anjel Lertxundiren duela 50 urteko Azeituna bat eta lau baxoerdi poemaren egokitzapena eta bederatzi musikari zarauztarren parte hartzea (Antton Sarasua, Unai Lopetegi, Maria Armendariz, Mikel Lazkano, Andoni Garzia, Iosu Isasti, Iñigo Isasti, Beñat Isasti eta Ander Zulaika).

Disko berriak dozena bat abestiz osatuta egongo da, eta zerrendak hurrenkera hau izango du: Sinplea, Beluna jazz, Lesbos, Heisenberg, Fotomatoian, Pertsonarena, Hartutako zidorra, Azeituna bat eta lau baxoerdi, Idazle hilen ostatua, Hondarreko eguna, Egun ilunagoak baletoz eta Pauso luzera.