Lizardi Judo Klubeko Naiara Villasantek eta Lore Austingek Espainiako Judo Txapelketa lehiatuko dute asteburu honetan, Madrilen, Euskadiko selekzioarekin. Bi kirolariek senior mailako txapelketa jokatuko dute lehendabiziko; izan ere, 17 urte baino ez dituzte eta adinez juniorrak dira. Hori bai, inork ez die ezertxo ere oparitu. Biek ala biek duela bi aste Gasteizen jokatutako sektore fasean lortu zuten sailkapena.
Gauzak horrela, Villasante 70 kilo azpiko kategorian arituko da Gasteizen judoka onena izan ondoren eta Austing 78 kilo azpiko kategorian. Azken honek, bigarren egin zuen sektore fasean. Edonola ere, bi onenek eskuratu zuten Madrilerako txartela pisu bakoitzean.
Bi gazteek ostiralean bidaiatuko dute Espainiako hiriburura, arratsaldean baitute kirolarien kontrola eta pisaketa. Txapelketa, berriz, larunbatean hasiko da 09:00etan Gallur kiroldegian.
Gipuzkoako hirugarren kimu mailan
2011 eta 2012 urteetan jaiotako gaztetxoek brontzezko domina lortu zuten igandean Hondarribian jokatu zen Gipuzkoako Taldekako Txapelketan. Mutilen zein nesken taldeek finalaurrekoetako borroka galdu zuten soilik.