Prestigiodun foto-finishak

Aritz Mutiozabal 2022ko aza. 30a, 09:00

Zarauzko XXX. Argazki Mostra zabaldu berri dute Sanz Eneako erakusketa aretoan, lau argazkilarien proposamenekin. Urtarrilaren 22a bitartean ikusteko aukera izango da.

Joan den ostiral arratsaldean inauguratu zuen Zarauzko Argazkizale Elkarteak XXX. Ramon Serras Nazioarteko Argazki Mostra, Sanz Enea kultur etxean. Urtero bezala, prestigio handiko argazkilarien lanak hartzen ditu erakusketa kolektibo honek, eta aurtengoan bereziki lau proposamen interesgarri aurkeztu dituzte, Juan Aldabaldetreku, Wilco Westerduin, Eli Garmendia eta Felix Sanchez Arrazolaren eskutik.

Madrilen bizi den argazkilari zarauztarra da Aldabaldetreku, eta aurkezpenean aitortu zuen ilusio handia egin diola mostran parte hartzeak. «Inoiz ez bainuen sorterrian nire argazkirik erakutsi!». Modako argazkilaritza eta erretratugintza lantzen du gaur egun Elle, El Pais Semanal eta Vogue bezalako hedabideetarako, eta gisa horietako hainbat irudi paratu ditu, non Javier Bardem, Cindy Crawford edota Claudia Schiffer ageri diren. Edonola ere, duela 30 urte Kodak etxearen lehiaketa batera aurkeztutako Aqua argazki saila ere jarri du erakusgai.

Eli Garmendia tolosarrak Korapilo itsua proiektua ekarri du erakusketa kolektibora. «Lehen aldia da jendaurrean erakusten dudana, eta ilusio berezia egiten dit», adierazi zuen argazkilariak, guztiz eskertuta argazkizale elkarteak emadako plazagatik. Garmendiaren proposamena oso bestelakoa da: egilearen beraren autoerretatuak dira bikoiztuta edo hiruzkotuta, koadro txikitan sartuta eta argiztatuta, emozio ugari iradoki nahian ikusleari.

Jatorriz herbeherearra eta adopzioz euskal herritarra da Wilco Westerduin. Egun Miarritzen bizi den argazkilariak urteak daramatza Euskal Herriko paisaiak erretratatzen, eta sona izan duten bi liburu argitaratu ditu: Planet Basque eta Pyrenees Abandonnees; orain, hirugarren bat ontzen ari da zuhaitzei buruzkoa. San Eneako erakusketa aretoan, esaterako, Zumaiako flyscha ikus daiteke zenbait argazkitan, baita Gaztelugatxe ere. Horiez aparte, eraikin zaharrak edo abandonatuak, naturarekin bat eginik eta argiztapenaren erabilerarekin, paisaia eder bihurtzeko gaitasuna du.

Felix Sanchez Arrazolak eskertu egin zuen Zarauzko Udalak eta Zarauzko Argazkizale Elkarteak «artea sustatzeagatik» egiten duen ekimena: «Gaur egun argazkiak sare sozialetan ikustera ohituta gauden garaiotan, erakusketa batean txukun jarrita ikusi ahal izatea ohore bat da benetan». Kirol fotokazetaritza jorratzen du oñatiarrak, eta, hain justu ere, atletismoko eta lasterketa munduko irudiak paratu ditu mostran; horietako zenbait Nazioarteko Atletismo Federazioak saritutakoak dira.


Oroigarriak argazkilariei

Aurkezpen ekitaldian, argazkilari parte hartzaileek Torre Luzearen oroigarria jaso zuten Zarauzko Udalaren eskutik, eta argazkizale elkarteak lore sorta batekin eskertu zuen Myriam Gonzalez Txabarri udaleko erakusketen kudeatzailea. Xabier Txurruka alkateak, bere aldetik, herritar guztiak gonbidatu zituen erakusketa ikustera: «Oso erakusketa potentea da, eta guztiz gomendagarria». Erakusketa urtarrilaren 22ra arte bisitatu ahal izango da.