EH Bilduk salatu du ezkiak kentzen hasi ondoren jaso duela lanen plangintza

Jabi Gonzalez Toston 2022ko aza. 30a, 14:20
Ezkerretik hasita Ainara Landa, Itziar Murua eta Ion Arozena Eh Bilduko zinegotziak. (Jabi Gonzalez Tston)

"Agintekeriaz jokatzea" eta herritarrei entzungor egitea egotzi dio koalizio abertzaleak Zarauzko Udalari, eta hitz eman du lanean jarraituko duela hurrengo faseetarako aurreikusten diren mozketak geldiarazteko.

Nafarroa kaleko lehenengo ezkiak atzo kendu zituzten Frantziskotarren eliza parean. Horren aurrean, EH Bilduk prentsaurrekoa eskaini du gaur eta kritikatu du atzo bertan jaso zuela lanetarako aurreikusitako epeen plangintza, nahiz eta eskaera duela hiru bat aste egin zuen. Hala, udalaren egiteko modua salatu du, beste behin, koalizio abertzaleak eta Itziar Murua bozeramaleak leporatu dio honakoa legegintzaldi osoan agertutako "agintekeriaren eta entzuteko eta negoziatzeko talante ezaren" isla dela.

Zentzu horretan,  EH Bilduk gogoratu du egoera bideratzeko moratoria eskatu eta mahai teknikoa osatzea proposatu zituela, herritarren eskaria entzun eta irtenbide pragmatikoa bilatzeko, baina udalak eta alkateak ez zituela aintzat hartu, ez eta "beste proposamenak aztertzeko inolako keinurik egin". Gauzak horrela, Muruak aurpegiratu die ez direla erakusten ari "zarauztarrekin eta zarauztarrentzat gobernatzen dakitenik".

EH Bilduko udal taldeak argitu du, halaber, ezkiak kentzeko lanak geldiarazteko eta bestelako bideak bilatzeko ahaleginari eutsiko diotela hurrengo faseei begira; izan ere, hasi berri dituztenak lehenengo fasekoak dira, esan bezala. Momentuz onartuta dagoen bakarra.