Zarauzko IV. Parekidetasun plana onartuta hasi dira herriko mapa morea osatzen

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abe. 2a, 09:00
Azaroaren 25eko indarkeria matxistaren aurkako eguneko Zarauzko Udaleko ordezkarien erakunde adierazpen bateratua. (Aritz Mutiozabal)

Azaroko osoko bilkuran onartu zuten plana aho batez eta 98 ekintza zehatz biltzen ditu orotara. Lehenengoa abiatuta, astelehenenean ekingo diote bigarrenari: berdintasun ordenantza eguneraketa.

Zarauzko Udalbatzak joan den osteguneko ohiko plenoan onartu zuen Emakume eta Gizonen arteko IV. Parekidetasun plana, eta dagoeneko jarri dute martxan lehenengo ekintza: herriko mapa osatzen hasi dira. Astelehenean, berriz, berdintasun ordenantza eguneratzeko prozesua abiatuko dute.

Horiez gain, beste 96 ekintza zehatz jaso dituzte planean. Tartean, Udaleko barne plana edota zaintza erdigunean kokatzeko ekimenak, besteak beste. Horrez gain, ildo estrategikoak ere finkatu dituzte lau ardatz nagusitan antolatuta: Gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, ekonomia eta gizarte antolakuntza eraldatzea berdintasuna bermatzeko eta emakumeenganako indarkeria matxistarik gabeko bizitza lortzea.

Aipatutako hori guztia bost urteko epean garatuko dute, izan ere, plana 2027ra bitartean izango da indarrean. Berau diseinatu duen Parekidetasun departamentuak zehaztu du, gainera, lehen urterako, 2023rako, alegia 353.758 euroko aurrekontua aurreikusi duela eta datozenak urtez urte zehaztuko dituztela. Dena den, aurreikusi dute aurrekontu horri eustea edota handitzea aurreikusten dutela.

Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziaren hitzetan berebiziko garrantzia dute gisa honetako planei: "Azkenengo hamarkadetan sortu den legediari esker, hainbat aspektu derrigorrez kontutan hartu behar dira eta horri esker urratsak eman dira emakume eta gizonen arteko desberdintasunekin bukatzeko. Dena den, hortik arago instituzioei ere badagokigu aurrera pausuak ematea gure gizartearen eraldaketa lortzeko".

Kezka herritarren ekarpenekin

Udalean ordezkaritza dauden talde politiko guztiek aho batez onartu zuten plana azaroko ohiko udalbatzarrean, baina izan zen ñabardurarik egin zuenik ere. Ainara Landa EH Bilduko zinegotziak adierazi zuen, esaterako, kezka sortzen diela oraindik ekarpenak egiterakoan ikusi zuten hutsuneak: "Parekidetasun Kontseiluak eta Emakumeen* Etxeko Mahaiak ez dute inolako ardurarik esleitutako ekintzetan, aipamenik ere ez zaie egiten planean eta ez da haiekin kontatu, ezta herriko eragileekin ere". Landak azaldu du udaletik argitu zietela prozedura teknikoa baina ez dela hori eta ekintzak garatzerakoan entzungo dituztela aipatutako kolektiboen proposamenak.

Zentzu horretan, Gloria Vazquez zinegotziak zehaztu zuen jada abiatu duten Zarauzko mapa morea osatzeko prozesurako jaso dituztela Parekidetasun Kontseiluaren eta Emakumeen* Etxeko Mahaiaren proposamenak.