Gaur zabaldu dute Salberdingo 92 etxebitzitza tasatuetan izena emateko epea

Aritz Mutiozabal 2022ko abe. 2a, 13:00
Salberdingo R14 lursailean eraikiko dituzten etxebizitza tasatuak. (Zarauzko Udala)

Zarautz Lurren aurkeztu daiteke eskaera orria edo Zarauzko Udalaren webgunearen bitartez, urtarrilaren 2a bitartean.

Zarauzko Udalak jakitera eman duenez, gaurtik aurrera erregistratu ahal izango dira Salberdin eremuko R14 lursailean eraikiko dituzten 92 etxebizitza tasatuen zozketan parte hartzeko eskaerak. Epea gaur zabaldu dute eta datorren urtarrilaren 2a bitartean iraungo du.

Eskaera orria modu presentzialean aurkeztu ahal izango da Zarautz Lurren bulegoan (Salegi kalea 14) edo modu telematikoan, Zarauzko Udalaren webgunearen bitartez. Pertsona edo bizikidetza-unitateko eskaera bakarra onartuko da, eta eskaera-eredu ofizialean aurkeztu behar da.

Amenabar enpresak eraikiko ditu 92 etxebizitza horiek, gisa honetan banatuta: mugikortasun murriztu iraunkorra duten pertsonentzat lau etxebizitza gordeko dituzte, bina logelakoak (etxebizitza egokituak); bi logelako zazpi etxebizitza (etxebizitza egokitua ez direnak); eta hiru logelako 81 etxebizitza.