Horacio Chacinek piztu ditu Gabonetako argiak

Aritz Mutiozabal 2022ko abe. 4a, 09:00

Schola Cantorum abesbatza girotuta, Musika Plazan egin zuten ekitaldia atzo arratsaldean. Gozogile venezuelarrak bere familiaren babesa izan zuen uneoro.

18:00etan jarrita zegoen atzo hitzordua. Gabonetako argiak egun eta ordu horretan piztuko ziren, eta horretarako, ohi bezala, Zarauzko Udalak eta Murkil Dendarien Elkarteak ekitaldi xumea, baina ere berean berezia zuen antolatua. Horacio Chacin gozogileari eskaini zion aurten argiak pizteko ohorea.

Musika Plazako kioskoan Schola Cantorumeko kideak Gabon kantak abesten ari ziren, eta behean argiz eginiko bi zuhaitza. Haren ondoan, Xabier Txurruka alkatea, Ixidor Larrañaga Turismo eta Merkataritza zinegotzia eta, nola ez, protagonista nagusi Horacio Chacin, bere seme-alabekin eta amaginarreba-aitaginarrebarekin.

Alkateak Aizpurua gozotegian egiten duten lana nabarmendu zuen eta Zarauzko izena lau haizetara zabaldu izana eskertu zion. Chachinek pozarren jaso zuela gonbita adierazi zuen. Duela 22 urte etorri nintzen Caracasetik Zarautzera, eta beti sentitu dela etxean aitortu zuen. Bukatzeko, herriko denda txikietan kontsumitzera bultzatu zituen herritarrak.

Hitzartzeak bukatzean, atzera kontuarekin hasi ziren, bertaratutako herritar guztien laguntzarekin. Bost, lau, hiru, bi, bat... Botoi gorria zanpatu eta argizko zuhaitzak ez ezik, kalez kale zintzilik dauden argi apaingarriak ere bizitza hartu zuten. Orduan, Gabon giroa kutsatu zen jendearengan, eta haur, gazte eta heldu argazkiak ateratzen hasi zen argien inguruan, baita kantuan Schola Cantorumen erritmoan ere.

Horrez gain, Hotz Zarautz elkarteak txokolate solidarioa eskaini zien bertaratu zirenei. Egin zuen hotza kontuan izanda, egia esan, askok ederki asko eskertu zuten.