Judith Otazua eta Jon Unzueta izan dira Bikote Mistoen Kroseko garaileak

Aritz Mutiozabal 2022ko abe. 4a, 17:40
Judith Otazua eta Jon Unzueta helmugaratzen. (Aritz Mutiozabal)

Guztira, 550 bikote hartu dute irteera gaur goizean, 7,5 kilometroko ibilbidea osatzeko herrian barna. Aratz Rodriguez eta Martin Amilibia zumaiarrak sailkatu dira bigarren postuan. Zarauztarren artean, Iratxe eta Agosti Aranburu anai-arrebak izan dira nagusi.

Aurpegi berriekin antolakuntzan eta ibilbidean aldaketekin jokatu da gaur goizean Bikote Mistoen 43. Krosa. Pandemiak eragindako bi urteko etenaren ondoren, Zarauzko proba klasikoa antolatzeko lekukoa eta erronka hartu du Zarautz Rugby Taldeak, eta parte hartzeari dagokionez, erantzun bikaina jaso dute. Izan ere, 550 bikotek hartu dute gaurkoan irteera Aritzbatalde kiroldegi paretik; nolabait ere, pandemia aurreko edizioetako partaidetza kopurua izan da. 

Azken urtetako erreferentziarik ezean, faboritorik ez zen aurreikusten hasiera batean irteera lerroan. Lasterketan hasi bezain pronto, ordea, Judith Otazua gernikarrak eta Jon Unzueta durangarrak osatutako bikoak erritmo bizia jarri dute eta buru jarri dira berehala. Haien lorratza jarraitzen ahalegindu dira Aratz Rodriguez eta Martin Amilibia zumaiarrak eta Ainara Urrutia eta Igor Olalde aretxabaletarrak, baina lehen itzuli txikirako tartean nabarmen zabaldu dute. Azkenean, hurrunkera horretan helmugaratu dira Lege Zaharren enparantzan.

Zarauztarren artean, Iratxe eta Agosti Aranburu anai-arrebak izan dira bizkorrenak, sailkapen orokorrean bosgarren postuan iritsita; aurrekaldeko multzo horretan aritu dira borrokan, eta azken txanpan erakustaldi polita eman dute. Gustura eta hunkituta bukatu du bikoteak.  Honakoa ez dute lorpen hau erdiesten duten lehen aldia, baina gaurkoa berezia izan dela aitortu du Iratxek. Izan ere, azken urteetan antolakuntzan aritu da, Txumai Fernandezekin eta Zarauzko Emakume Korrikalariekin batera, eta aurten kaleko animoak sentitu ditu. Zarauztarren podiuma ondorengoek osatu dute: Elisabete Garate eta Jeronimo Esnalek, bigarren postuan; eta Josune Zabala eta Alex Ostolaza ama-semeak, hirugarren tokian.

Lasterketa amaieran, parte hartzaile guztientzako mokaduak banatu dituzte Zarautz Rugby Taldeko kideek eta egundoko giroa sortu da Lege Zaharren enparantzan. Oro har, proba osoan zehar egon da ikusmina, herritarren animoekin eta txalo zaparradekin, dela irteeran dela kaleetan. Herrian faltan botatzen zen Bikote Mistoen Krosa, eta abiatu da.


Gaztetxoek ere

Bikote Mistoen Kroseko berritasunen artean, aurten lehen aldiz gaztetxoek ere korrika egiteko aukera izan dute heldu baten laguntzarekin. Proposamena ilusio handiz antolatu du Zarautz Rugby Taldeak, baina parte hartze aldetik erantzuna ez da nahi bezalakoa izan.

Edonola ere, multzo polit bat osatzeko adina bikotek hartu du irteera, proba nagusia hasi baino ordubete lehenago, eta 2 kilometroko ibilbidea osatu ondoren, Lege Zaharren enparantzan bukatu da gaztetxoen erronka. Esperientziaz gozatzeko aukera paregabea izan dute. Sailkapena honela geratu da: Ane Bosch eta Unai Aranbarri lehen postuan; Enara Iglesias eta Aitor Alonso bigarren; eta Nora eta Javier Torres hirugarren.