Gaztetxe berriak ireki ditu ateak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 14a, 16:30

Zabaldu eta berehala gerturatu dira herritarrak gazteen topagune berria ezagutzera. Irekiera elkarrekin ospatzeko bazkari jendetsua egin dute eta festak jarraipena izango du arratsaldean musika saioarekin.

Gaztetxe gosea zegoen Zarautzen joan den abuztuan Putzuzulo eraitsi zutenetik, eta gazteak gaurtik hasi dira asetzen. Halaber, azken hilabeteotako auzolanaren emaitza ezagutzeko ikusmina zuten herritar ugari ere gerturatu dira eguerdian ateak zabaldu dituen Bizkaiako kaleko gazteen egoitza berrira. Ilusioz hartu dituzte emandako aurrerapausoak.

Nolanahi ere, lehen platera baino ez da izan gaurkoa, oraindik lan asko baitago egiteko. Zentzu horretan, egiteko nagusietakoak "intsonorizazioa eta aireztapen sistema jartzea izango dira gauean ekitaldiak antolatu ahal izateko" gaztetxeko kideen esanetan. Hori bai, eraikina erabilgarri dago, tabernako barra, eszenarioa, komunak, sukaldea... dagoeneko atondu baitituzte.

Bada, horixe ospatzeko, Gaztetxe berria zabaldu dutela eta dagoeneko erabilgarri dagoela, alegia, ospakizun festa antolatu dute. Hala, 50 lagunetik gora bildu dituen bazkaria antolatu dute eta topa egin dute elkarrekin. Aurrez, murala marrazten aritu ere dira Arraio irratiaren estudiora sartzeko gelan eta festa amaitzeko Aitor Martinez musikariak bakarkako saioa eskainiko du arratsaldean.