EH Bildu : "Amillubiko lurrak funtzio soziala betetzera bideratu behar dira bere osotasunean"

Zarauzko EH Bilduko zinegotzi Ainara Landa, Itziar Murua eta IOn arozena, atzoko agerraldian, udalbatzar aretoan. (Aritz Mutiozabal)

Datorren osteguneko udalbatzarrean Irita-Amillubiko egungo plan orokorra aldatzeko proposamena bozkatuko dute. Koalizioak azaldu duenez, Udal Gobernuak etxebizitza pribatuak eraikitzea proposatzen du etxebizitza sozialera bideratuta zeuden lurrak, eta onartezintzat jo du.

Zarauzko Udala Irita-Amillubi eremuaren jabea da bere osotasunean, baina Udal Gobernuak egungo plan orokorra aldatzeko proposamena eramango du urtarrileko osoko bilkurara, datorren ostegunean egingo duten udalbatzarrera. Halaxe aurreratu zuen Zarauzko EH Bilduren udal taldeak udalbatzar aretoan atzo goizean eginiko agerraldian. "Irita-Amillubiko lur guztiak udalarenak dira, eta, hala ere, etxebizitza pribatuak eraikitzea proposatzen du bertan, herriarenak diren lurrak espekulaziorako erabiltzea bultzatuz", adierazi zuen desados koalizio abertzaleko bozeramaile Itziar Muruak.

Egun indarrean dagoen plan orokorraren arabera, Amillubiko lurrak osorik etxebizitza sozialetara bideratzea zehazten duela gogoratu zuen EH Bilduk, eta eremuaren garapenerako zehaztapenetako 5. puntuan jarritakoa irakurri zuten: “Bizitegi-izaerako arearen hirigintzako eraikigarritasunaren %100a erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitza kolektiboetarako erabiliko da". Muruak nabarmendu zuen zehaztapen hori dela aldatu nahi dutena.

Koalizioaren ustez, "onartezina" da udalarenak diren lur publikoak jabe pribatuei saltzea etxebizitza pribatuak egiteko. "Ezin da eskubide baten betekizuna irabazi asmodun eraikuntza enpresen negozio interesen menpe utzi. Zarautzek etxebizitzaren arazoari eman diezaiokeen konponbidea ez da Salberdin gehiago egitea. Gure ustez, Amillubiko lur horiek funtzio soziala betetzera bideratu behar dira bere osotasunean", arrazoitu zuen bozeramaileak.

Jakin badakite lurrak salduta udalak dirua irabaziko lukeela, baina diru hori ez jasotzea "lehentasunezko inbertsio" gisa hartu beharko litzatekeela iritzi diote, eta lurren jabetza mantendu behar litzatekeela. "Are gehiago, Zarauzko gazte eta ez hain gazteek gai honetan duten egungo larrialdi egoera ikusita, eta Zarauzko Udalak duen egoera ekonomiko ona dela kontuan izanda".

"Plan integrala behar da"

EH Bilduren iritziz, herritar guztiei aitortu behar zaie bere herrian "etxebizitza duina, egokia eta eskuragarria" izateko aukera, eta "administrazio publikoen lana da, baita Zarauzko Udalarena ere, eskubide hori bermatzeko esku hartzea".  Halere, koalizioak argi dugu etxebizitza berriak eraikitzearekin ez dela nahikoa. "Etxebizitza larrialdiari erantzuteko plan integrala behar da, eraikuntzaz gain beste neurriak ere kontuan hartuko dituena", azpimarratu zuen Muruak. 

Neurri horien artean, alokairuko etxebizitzen parkea bultzatzearen eta indartzearen beharra ikusten du, eta horretarako etxebizitza publikoetara bideratuko diren lur publikoak "behar-beharrezkoak" direla gaineratu du. "Sektore publikoaren esku-hartzea behar da, gardentasunean eta orekan oinarrituta, eta hau ezin da promotora pribatuen esku utzi". 

Zentzu horretan, Zarauzko EH Bilduk Udal Gobernuaren proposamenaren aurka bozkatuko du ostegunean, eta, era berean, gainerako alderdiak herrian bizitzeko aukera eskaintzeko etxebizitza politika integral baten inguruan hausnarketa egitera gonbidatu zituen. "Izan ere, herrian geratzen den lur publiko apurra eraikuntza enpresei salduta, nekez aurkituko baitugu irtenbide duin bat gai honi".