Sagardo denboraldiari hasiera ederra eman diote Zarautzen

Maria Maya Manterola 2023ko urt. 22a, 19:00

Txotxak zabaltzearekin batera, Sagardo Eguna ospatu dute Zarautzen. Bederatzi sagardotegietako zukua nahiz parrillan eginiko jakiak dastatu dituzte bertaratutakoek. 

Azken urteetako etenaren ostean, bueltan da Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkarteak antolatutako Sagardo Eguna. Hotz esnatu da eguna, baina eguzkiaren epelak lagundu du Lege Zaharren enparantzan giro ederra sortzen. Izan ere, bederatzi sagardotegietako postuak jarri dituzte, eta bertaratutakoek sagardoa nahiz parrillan eginiko jakiak dastatzeko aukera izan dute. 

Motxian bertso eskolakoen eskutik bertsoak ere izan dira, eta txistulariak ere bai, Goizeko Ihintza elkartearekin. Txikien gozamenerako, gainera, familien txokoa ere prestatu dute. 

Sagardo Egunari ekin aurretik, Jose Aristi Xiplo eta Mari Paz Rodrigo senar-emazteei egin diete aitortza. Biak dagoeneko zendu direnez, oinordekoek jaso dute oroigarria.